Sostoaren ahotsa gaztetu nahixan
Sostoak gaztiak erakartzeko asmoz ipiñi dittuan karteletan "30 eta 55 urte arteko gizon eta emakumeak behar ditugu, anima zaitez!" esaldixa letra haundixetan idatzi dabe, hain zuzen be hori dalako jendiari aditzera emon nahi detsen mensajia. Juan Barahona eta Jose Luis Goikoetxea abesbatzako kidiak azaldu deskuenez, "azken urtiotan oso gazte gitxi etorri jaku eta, normala dan moduan, urtetik urtera edadian aurrera goiaz eta, etorkizunian Sostoak abesten segitzia nahi badogu, korua gaztetzia komeni dala ikusi dogu. Datorren urtian abesbatza sortu zala 30 urte beteko dira eta, horren aitzakixarekin, ahalegin berezixa egittia erabagi dogu, ia gaztiak animatzen diran eta holan Sostoak bizitza luzia izatia ziurtatzen dogun".
Barahonak hogei urte daroiaz Sostoarekin kantatzen eta 1993/1994 kursuan berakin batera koruan hamar bat lagun barri sartu zirala gogoratzen dau, baiña Goikoetxeak ez dau holakorik ezagutu Sostoarekin daroiazen hamabi urtietan, baiña halanda be ilusiñuarekin heldu detsa gaztiak erakartzeko kanpaiñiari: "Asmua oso argixa da, aurrera begira beste 100 urtian Sostoak bizirik jarraitzia. Eta bide batez, abesbatza osatzeko taldekide barrixak lortzen badittugu, ba primeran!".
Ensaiuetan probatzeko inbitaziñua
Jendia ensaio batzuetara juanda, konpromiso barik probatzera animatzia nahi dabe, "eta probau eta gero ikusittakuakin gustora ez badago eta koruan ez sartzia erabagitta be ez da ezer pasauko, baiña behintzat probatzera etortzeko. Gaiñera, ointxe da sasoirik aproposena, urte hasieran errepertorixua barritzen dogu-eta".
Baten bat animau ezkero, zuzenian ensaiuetako batera juanda eukiko dau Sostoako arduradunekin berba egitteko aukeria. Abesbatzak astian birrittan ensaiatzen dau Portalea eraikiñian (musika eskolan), martitzen eta eguenetan, 21.30xetatik 23.00etara. Eta bestela, 650929200 edo 656718843 telefonuetara deittuta edo sostoaabesbatza@yahoo.es helbidera idatzitta kontaktau leike.
30 urte giro ederrian kantatzen
Sostoa Abesbatza 1984xan sortu zan kantatzia gustoko zeken eibartar batzuren eskimenez eta lehelengo aktuaziñua Santa Agedan eskindutako kontzertu bat izan zan. Abesbatza sortu zanetik Jesus Mari Sagarnak zuzendu dau eta gaur egunian be bera da zuzendarixa. Hori bai, abesbatzaren bigarren zuzendarixa dan Mari Karmen Etxeberria beti aldamenian euki dau, laguntzeko prest. Eta azken urtiotako emanaldixetan sarrittan pianuaren musikiak tarte berezixa dakanez, ezin ahaztu holakuetan pianuan laguntzen detsen Isabel Laspiur.
Sostoak 25 urte bete zittuanian hori ospatzeko liburua kaleratu eben eta erakusketa berezixa be ipiñi eben ikusgai. Bertako erretratu eta bestelakuak ikusitta, argi dago koralistak giro ederra dakela. Gaiñera, abesbatzaren kontzertuen aitzakixarekin urtian zihar hainbat txango egitten dittue. Azkenetakua iraillian Valladolidera egindakua izan zan, Gure Txoko euskal etxekuak lehelengoz antolatutako Euskal Jaixan kantatzeko inbitaziñuaren harira.
Eta urtia amaittu aurretik hainbat emanaldi eskinduko dittue, tartian berezixa izango dan Gala Verdi, Opera Divertimento taldiak Giuseppe Verdi jaixo zala 200. urte bete dirala gogoratzeko sortutako ikuskizunian jardungo dabe kantuan, azaruak 30ian, 20.30xetan Coliseoan. Ordu eta erdi inguru iraungo daben kontzertuan hamairu operatik aukeratutako hogei abesti eskinduko dittue eta abesbatzarekin batera kantatzen hiru bakarlari (Silvina Arroyo sopranua, Ulises Fuentes baritonua eta Andoni Barañano tenoria) egongo dira. Proiekziñuekin abesti bakotxa kokatzen juango dirala aurreratu deskue.
Hortik aparte, abenduaren 14an Karmelitetan kantauko dabe hango organuaren 50. urteurrenaren harira antolatu daben emanaldixan. Baiña aurretik, urtero lez, datorren asteko barixakuan Santa Zezilia eguna ospatzeko kalejira egingo dabe eta, amaitzian, Gabonetako otarraren zozketia egingo da.