‘Talo machine’-a berriz jarriko du martxan Urbat waterpolo taldeak
Eibarko kirol talde gehienek diru-kontuekin malabarrak egin behar dituzte aurrera egiteko. “Diru premiarekin gauden klubak beti gabiltza pentsatzen zer egin dirua lortzeko. Beste klub batzuek ekimenak egiten dituzte urtean zehar (errugbikoek Garagardo Jaia egin izan dute, txirrindularitzakoek Txistorra Eguna, eskubaloikoek ere badute euren eguna...) eta sanandresetan toki bat izan genezakeela ikusi genuen, esplotatu barik zegoelako”, azaldu digu Iñigo Kortabarria Urbat IKE-ko presidenteak.
Sanandresetan zer egin pentsatzen jarrita, “produktu izarra taloa zela pentsatu genuen”, eta martxan jarri ziren. Uretan ondo moldatzen dira Urbatekoak, baina talogintzan eskarmentu gehiegirik ez zutenez, buruari eragin eta makina bat sortzea pentsatu zuten: ‘talo machine’-a. “Sistema mekanizatu egin dugu horrela eta taloak oso azkar ateratzen ditugu, eskuz eginda baino askoz ere bizkorrago”, azaldu digu presidenteak. Iaz, adibidez, 2.000 talo inguru banatu zituzten.
Bihar, San Andres bezperan, bokadiloak emango dituzte, eta domekan, San Andres egunean, taloa izango da produktu izarra
Klubeko jokalari baten aitak armagintzan egiten zuen lan eta nonbait horrelako zerbait ikusi zuenez, prototipo bat egin zuen. “Demaseko arrakasta eduki zuen eta, gaur egun, bi makina ditugu”, diosku presidenteak. Hainbestekoa da arrakasta, beste jai batzuetan erabiltzeko ere eskatu dietela.
Bizirauteko berebizikoa
Saldutako talo kopurua handia izanik, diru dezente ateratzen dutela onartu digu Kortabarriak. Beharrezkoa gaur egun klubak duen bolumena asetzeko. Izan ere, San Andres egunean irabazten dutena berebizikoa da klubaren biziraupenarentzat. “Gure urteko aurrekontuaren %10 inguru da”, presidentearen berbetan. “Txosnarik edukiko ez bagenu, zaila izango litzateke kontuak borobiltzea”. Orduan, talo-gunean jatekoa eta edatekoa eskaintzeaz gain, rifak ere salduko dituzte egunean zehar.
Urbat IKE asko hazi da bere sorreratik. “Oraingo Urbat-ek eta orain dela 10 urtekoak oso antza gutxi dute elkarren artean. Hazi egin gara eta, era berean, gastuak ere asko hazi dira”, diosku Kortabarriak. Bide beretik, sanandresetako talo-postuak ere eraldaketa izan du. “Ni hasieran ez nintzen egon, baina lehen urteetako postua umilagoa zen, taloak eskuz egiten ziren...”, entzun duenegatik.
Urbat IKE-rentzat berebizikoa izaten da talo-postua jartzea, bertan irabazten dutena urteko aurrekontuaren %10 inguru delako
Gaur egun, talo-postua “parafernalia potoloa da”, bere ustez. Talo gehiago ematen dira eta, horretarako, jende gehiagoren laguntza behar da egun horretan. “Jende asko dago tartean sartuta, 50 lagun inguru egoten gara lanean”, esan digunez. Beraz, waterpolo jokalariez gain, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak eta euren familiak egoten dira ‘talo machine’-ari sua ateratzen. “Hasteko, osagaiak lortu behar dira, postuaren muntaketa egin behar da, orea egin, bokadiloak eta taloak egin eta banatu, baita tragoak ere, gero dena jaso...”, zerrendatu digu Kortabarriak.
Talo zapore ezberdinak
Aurten, San Andres eguna domekan denez eta bezperan ospakizunak daudenez, talo-gunea zapatu arratsaldean zabaltzea espero dute Urbatekoek, 18:00etatik 00:00etara. Hori bai, zapatuan ez dituzte taloak egingo, ogitartekoak baizik, eta tragoak emango dituzte.
San Andres egunean, 10:00etan zabaltzen dute postua Urbatekoek (05:00etatik daude martxan) eta bazkalordura arte egoten dira bertan. Lan handia egiten dute egun osoan zehar, batez ere 12:00etatik 15:30era. “Ordu horietan ia ez dugu bururik altxatzen”, bere berbetan. Gauzak horrela, taloa erosteko ilaran daudenek lasai hartu dezatela, heldu da-eta euren txanda. “Eta bestela, zenbakiak banatzen ditugunez, euren txanda noiz etorriko den erraz ikusi dezakete eta, bitartean, trago bat hartu edo buelta bat eman. Inoiz ez da ordubete baino gehiago itxaron behar izaten”.
‘Talo machine’-ak prest daude domekan dena emateko. Gainera, Urbatekoek talo eskaintza aberatsa dute: “Txorizo, odolostea, hirugihar, gazta eta txokolate-taloak (jendeak eskatzen du, umeek batez ere) eskainiko ditugu”, aurreratu digu Kortabarriak. “Oso gozoak daude denak. Gu geu ez gara ados jartzen onena zein den esateko”. Eta zuretzat, zein da talo zaporerik gustukoena?