Tantanez Tantan euskararen olatua badator!
2022/05/17
15:18
eta kitto!
Aurten bai. 2020an pandemiagatik ezin izan zen ohi bezala antolatu, baina aurten bai; maiatzaren 21ean iritsiko da Eibarrera bazterrak euskaraz bustiko dituen euskararen aldeko olatua. Urkizutik Untzagaraino eskutik eskura eramango dugu euskaltzaleok euskaraz eta ilusioz beteriko gantxilla.
Eibarko euskalgintza osatzen duten taldeek (ikastetxeak, euskaltegiak, kultur, kirol, euskara eta aisialdi taldeak, norbanakoak…) azkeneko ikutuak ematen ari zaizkio aurtengo ekitaldiari. Buru-belarri dabiltza azken ordukoak lotzen, maiatzaren 21ean dena primeran irten dadin. “Gogotsu gaude gainera. Azkeneko bi urteetan ezin izan dugu ia ezer antolatu. 2020ko Tantanez Tantan ere ez zen ohikoa izan. Bideo zoragarri bat osatu genuen eibartarrok bidalitako bideotxoekin, baina euskarak kalera irten behar du, eta aurten bai: bazterrak euskaraz busti nahi ditugu euskararen olatuarekin”, diote antolatzaileek.
Urkizutik Untzagara giza katean
Urtean zehar Eibarren euskararen alde hainbat ekitaldi egiten dira, baina Tantanez Tantan berezia da eibartarrontzat: “Herriak oso modu berezian bizitzen du egun hori; are gehiago aurten, 2018az geroztik ez baitugu ospatu eta euskaltzaleok gogotsu gaude”. Aurreko urteetan egindakoari jarraituz, eguerdiko 12:00etan Urkizuko iturrian gantxilla urez bete eta Untzagaraino eramango da, eskutik eskura giza katean, “eibartarrok euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Herriko elkarte eta taldeak gonbidatzen ari gara, baina ekimen irekia izango da, norbanako moduan ere edozeinek har dezake parte”. Jai-giroan egingo da euskararen olatua, “hankapaloak, trikitilariak, musika… Giro polita egongo da, hasieran, ibilbidean zehar eta baita amaieran ere”.
Ibilbidea betetzeko 700 lagun beharko dira
Urkizuko iturria eta Untzagara arteko ibilbideak kilometro inguru duela kalkulatzen dute antolatzaileek eta, lana errazte aldera, hamabi zatitan banatu dute ibilbidea: “Urkizu-Ibarkurutze, Ibarkurutze-anbulatorioa eta anbulatorioa-Untzaga, horiek dira tarte nagusiak; baina horien barruan hainbat azpitarte antolatu ditugu. Gonbidapenak egiterako orduan talde edo elkarte bakoitzari tarte bat eman diogu, tarte bakoitzean jendea egongo dela ziurtatzeko; gure kalkuluen arabera 50-60 lagun beharko ditugu azpitarte bakoitza betetzeko, eta 700 lagun ibilbide osoa betetzeko. Ez da erronka makala; horregatik dei egiten diegu eibartar guztiei, euskaltzaleei, maiatzaren 21ean ozen oihukatu behar baitugu eibartarrok euskaraz bizi nahi dugula”. Urtero moduan, aurten ere, soinean zerbait urdina eta koadrodun zapia eramatea eskatzen dute antolatzaileek. Urkizutik Coliseorainoko tartean egongo direnak, 11:30-11:45 ingururako han egon beharko dute, katea ondo antolatzeko, eta Coliseo eta Untzaga artekoak, berriz, 12:00etarako.
14 urte, 8 edizio gantxillarekin
Badira hamalau urte Tantanez Tantan ekitaldia sortu zela. 2008. urteko maiatzean iritsi zen lehen aldiz euskararen olatua Eibarrera: “Eibarren euskalgintzaren inguruan dihardugun taldeok mahaia osatu genuen, eta erabaki genuen, Euskararen Egunarekin batera, udaberri partean beste zerbait antolatu beharko genukeela. Gantxillak badu bere leku berezia Eibarren, tailerren inguruan-eta funtzio garrantzitsua bete izan du betidanik gure herrian. Ekitaldi jendetsua antolatu nahi genuen, eta bi ideiak lotuta irten zen Tantanez Tantan. Aurretik lan handia eskatzen duenez, bi urtetik behin egitea erabaki genuen. Aurtengoa 8. edizioa izango da”.
AKE eta SuperAkeak
Urkizuko iturrian gantxilla urez betetzeko ardura aurten AKE-k izango du. Baina, zein da AKE? “Etorkizunetik etorri den superheroia dugu; 2100. urtetik etorri da misio garrantzitsu batekin: Eibar hobea egitea: garbiagoa, justuagoa, osasuntsuagoa, zoriontsuagoa… eta, jakina, euskaldunagoa”, diote Akebaitik. Berak bakarrik ezin duenez, AKE-k Eibarko 7 urteko (LH2. maila) neska-mutilak aukeratu ditu zeregin garrantzitsu horretan lagun diezaioten, eta horiek dira SuperAkeak.
Misioak eta erronkak
Urtarrilean bisitatu zituen lehenengo aldiz AKE-k bere laguntzaileak, SuperAkeak. Eskolaz eskola ibili da bere misioaren berri ematen eta, horrez gain, hainbat erronka jarri dizkie bere laguntzaile bereziei, eta horretan jardun dute azken hilabeteetan: “Lehenengo erronka SuperAke bihurtzea izan zen, horretarako konpromisoa hartu dute txikiek, eta dagokien intsignia jaso zuten; AKEberbak erabiltzen ere ikasi dute, Akebake, Akeklik, Akelaket…; bigarren erronka SuperAkeen komikia osatzea izan zen; hirugarrena AkeJolasa egitea, etxean, familian euskaraz jolasteko, eta laugarrena egitasmoa familiei aurkeztea”.
Diplomak eta gonbidapen berezia
Laugarren aurreko astean bete zuten SuperAkeek. Coliseoan eta Portalean euren familiei aurkeztu diete egitasmoa, baina ez hori bakarrik: “SuperAke zoragarriak direla baieztatzen duen diploma ere jaso dute”, eta baita gonbidapen berezia ere: batetik, AKE-k beteko du gantxilla urez Urkizun, eta, bestetik, SuperAkeek osatuko dute katearen azkeneko maila, berriz ere AKEk gantxilla jaso aurretik. “Euren eguna izango da, eurak izango dira protagonista nagusiak eta, gainera, lehenengo aldiz elkartuko dira Eibarko SuperAke guztiak. Horregatik dei egiten diegu heroi hauen familiei ere, egun horretan ezin dute kalerik egin, bertan egon behar dute, hilabeteetan lan handia egin dute eta ondo merezitako omenaldia egingo zaie. Ez dugu ahaztu behar eurei esker etorkizunean Eibar hobea izango dugula!”.
Aurreko astean aurkeztu zuen Eibarko Euskalgintzak aurtengo ekimena.
AKE eta SuperAkeak