‘Te dejo’ doako zerbitzua martxan jarriko dute gaur primizian Eibarren

Objektuak kutxatilan laga eta norberak edo beste pertsona batek hartu ahal izango ditu
‘Te dejo’ doako zerbitzua martxan jarriko dute gaur primizian Eibarren
2025/06/20 09:30
eta kitto!

Egoitza Ermuko Izarra Centren baina arima eibartarra duena Hapiick enpresak jarriko du martxan zerbitzua gaurtik aurrera, eibartarrontzat esklusiban. Horren bitartez, herriko hiru puntutan dauden armairuetan objektuak laga ahal izango dira norberarentzat edo beste norbaitek jasotzeko.

Inoiz gertatu zaizu lagun bati liburu bat itzuli behar eta ez duzuela geratzeko aukerarik? Edo gainean hainbat poltsa dituzula, baina oraindik etxera joateko gogorik ez eta ez dakizula poltsekin zer egin? Hapiick-ek horretan pentsatu eta ‘Te dejo‘ zerbitzua sortu du egoera horiei irtenbidea emateko. ‘Te dejo’ bi modutara erabili ahal izango da: batetik, objektuak kutxatilan laga daitezke gero beste pertsona batek jasotzeko; eta bestetik, norberak laga ditzake objektuak gero berorrek jasotzeko.

 

Nola erabili daiteke?

Objektuak Hapiick-en armairuetan laga ahal izateko app bat deskargatu behar da. “Oso erraza izango da erabiltzeko”, Hapiick-ekoek diotenez. Zerbitzuan alta emateko, lehenik app-a deskargatu behar da eta, ondoren, e-mail helbidea jarri eta telefono zenbakia egiaztatu, datu gehiago eman behar gabe. “Doako zerbitzua izanik, ez da kreditu txartelaren daturik sartu behar izango”, azaldu digu Haritz Elortza Hapiick-en sortzaile eta zuzendari nagusiak.

Objektuak armairuan lagatzeko, armairura gerturatu eta app-eko mapan armairu hori aukeratu beharko da. Mugikorrarekin armairuan dagoen QR kodea eskaneatu eta kutxatila zabaldu egingo da. Behin objektua lagata, app-ak QR kode bat sortuko du eta erabiltzaileak kode bat jasoko du, berriz zabaldu ahal izateko. Objektua beste pertsona batentzat bada, QR-a eta kodea berarekin partekatu ahal izango dira. “Jasotzaileak ez du zertan app-a deskargatu behar, armairuan kodea sartzearekin edo QR-a eskaneatzearekin nahikoa izango da”, esan digu Elortzak.

 

Herriko hiru tokitan

Hapiick-en zerbitzu hau berria da eta eibartarrok primizian erabili ahal izango dugu gaurtik aurrera, doan gainera. “Beste inon ez da horrelako zerbitzurik eskaintzen eta Eibarren hasiko dugu gurea, primizian. Zerbitzuaren arrakasta erabiltzaileen esku egongo da”, diosku Elortzak.

Hapiick-ek hiru armairu ditu herrian: Fermin Calbeton kaleko vending gunean, Kantoi gasolindegian eta Forum Sport dendan. Beraz, kontuan izan behar da euren ordutegia zein den, baina egunaren ordu askotan daude zabalik.

Objektuen tamainari dagokionez, neurri ezberdinetako kutxatilak aurkitu daitezke, eta norberak erabakiko du zein egoitzen den hobeto laga nahi duen objektuarentzat. Objektu txikienetik trolley motako maleta batera arteko gauzak (60cm x 35cm x 60cm) laga ahal izango dira. Hori bai, ezin izango da zerbitzuaren iruzurrezko erabilera egin (adibidez, armak, drogak... lagatzeko). Gainera, objektuak gehienez hiru egunez egon ahal izango dira armairuan, “beste erabiltzaileei aukera emateko”, esan digutenez.