Tekniker-ek koordinatutako HARTU Europako proiektua sortu da
Iñaki Maurtua Teknikerreko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, "HARTUk tamaina, forma eta ezaugarri desberdinetako piezak manipulatzeko beharra jorratuko du, adimen artifizialeko teknikekin ikasteko kontzeptu berritzaileak sartuz”. Teknikerrek adimen artifizialean, ikusmen artifizialean eta simulazioan oinarritutako soluzio bat garatuko du, sistemak modu autonomoan ikas dezan zein den aldez aurretik ikusi es duen pieza bat hartzeko modurik onena. Bestalde, objektu delikatuak eta askotariko forma eta materialak dituztenak manipulatzeko erronkari ere helduko dio, elektro-atxikimendu teknologian oinarritutako atzaparraren kontzeptu berri baten bidez; kontzeptu horri esker, eusteko indar handia sor daiteke produktua kaltetzeko arriskurik gabe hartzeko, ez baita presiorik eragiten.
HARTU proiektuaren soluzioak bost industria eszenatoki desberdinetako errealitate eta beharretara egokituko dira: automozioa, etxetresna elektrikoak, eskuzko tresnak, elikagaien sektorea eta logistika. Tekniker izango da hiru frogatzaileren arduraduna. Horietako batek TOFAS kotxe-fabrikatzaile turkiarrari balioko dio eskaerak eta barne-logistika prestatzeko; beste bat Italiako TCA zentro teknologikoan egingo da eta fruta eta barazkiak sailkatzea erraztuko dio Italiako Centro Lazio nekazaritza-kooperatibari. Hirugarren kasua ULMA Handling Systems ingeniaritza logistikoa dagoen sektoreetan eskaeren prestakuntzan zentratuko da. Azkenik, muntaia-prozesuetarako bi aplikazio garatuko dira, bata INFAR eskuzko erreminten fabrikatzaile taiwandarrarentzat eta bestea Philips fabrikatzaile holandarraren bizarra mozteko makinen produkzio-lineak birkonfiguratzeko gaitasuna handitzeko.
Europar Batasuneko Horizon Europe programak finantzatuta, HARTU ekimena 2023ko urtarrilean hasi zen eta hiru urteko iraupena izango du. Teknikerrez gain, partzuergoak Europako eta Taiwango beste 13 kide ditu: DFKI Adimen Artifizialaren Ikerketarako Alemaniako Zentroa, AIMEN zentro teknologikoa, Bariko Unibertsitate Politeknikoa, ITRI institutua eta Engineering Ingegneria Informatica, TOFAS, Philips, ULMA, Deep Blue, FMI HTS Drachten, Tecnoalimenti, Infar Industrial eta Omnigrasp enpresak.