Tekniker zentro teknologikoak Precitek proiektua gidatu du teknologia aurreratuen bidez
Teknikerren Doitasun eta Metrologia Industrialeko Ingeniaritza taldeak ekipamendu horiek automatikoki autoalibratzeko gai izatea lortu du, akatsak minimizatzeko eta industria adimendun eta erresiliente baterantz aurrera egiteko, virtual commissioning kontzeptua erabiliz.
"Makinen konfigurazioaren eta neurketa-prozesuen denbora eta kostua ahalik eta gehien murrizten ahalegindu gara. Halaber, ekoizpena egokitzeko premien arabera, doikuntzak modu arinean eta automatikoki egin ahal izatea nahi izan dugu, adibidez, erreferentzia berriak fabrikatu behar izatea", azaldu du Gorka Kortaberria proiektuaren ikertzaile arduradunak.
Ekimenaren esparruan, Teknikerreko ikerketa-taldeak bi frogatzaile teknologiko desberdinetan garatu eta integratu ditu bere autokalibrazio-soluzioak: manipulazio industrialeko prozesuetarako robot batean eta fabrikaziorako makina-erreminta batean.
Teknikerren lan nagusia makinaren portaera modelizatzea eta karakterizatzea izan da, bai fabrikazio-prozesu zorrotzetarako, bai neurketa trazagarriko eragiketetarako erabili ahal izateko, hau da, makinak berak eboluzionatu dezan, fabrikazio-prozesua kudeatzeaz gain, piezen kalitatea modu integratuan kontrolatzeko gaitasuna izateko.
Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programak (2021-2022) finantzatutako Precitek ekimena Teknikerrek gidatu du, eta Ideko, Vicomtech, Tecnalia, IMH Campus eta UPV/EHUren parte-hartzea izan du.