TELMO LAZKANO: “Oso garrantzitsua da azaltzea pantailaren atzean gertatzen dena pantailaren aurrean jarri aurretik”
Altxa Burua taldearen eskutik ZEOS programaren berri eman dute azken asteotan Eibarren Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek. Telefono mugikorren (hain zuzen ere, smartphonen) zentzuzko erabilera eta osasuna saretzeko antolatu zuten lau egun iraun zituen tailerra, eta bertaratu ez zirenei informazioa helarazteko Lazkanorekin egoteko aukera izan dugu.
Sare sozialek eta sakelako telefonoek haur eta nerabeengan duten eraginaren inguruan kezka zabaldu da euskal gizartean eta horri erantzuna emateko sortu da Altxau Burua mugimendua. Eibarren orain dela aste batzuk aurkeztu zuten euren burua eta gaian buru-belarri lanean ari den Lazkano ekarri dute. Ormazabalekin batera ZEOS programa garatu du eta gaiari bikain heltzen diote ‘Nerabeen Garrasia’ podkastean.
Zer da ZEOS programa?
Azkeneko hamarkadan bi errealitate identifikatu ditugu eta, mugikorrarekin dugun harremana adikzio hitzarekin lotu daitekeen bezala, adingabeen artean buru-gaixotasunek hazkundea izan dute. Bi errealitate horiek eskutik helduta doaz nahi baino neurri handiagoan, eta ZEOS programa horri argia ematera eta ‘orain zer?’ galderari erantzunak ematera dator. Ez dugu analisian edo diagnostikoan gelditu nahi, horri erantzuteko egitasmoak eta tresna praktikoak sustatu nahi ditugu, bai norbanako bai familia bai herri bezala.
Eibarren egin dituzuen saioetan zertan jardun duzue zehazki?
Lehenengo saioetan ezagutza denon artean eraiki dugu. Kausalitate faktoreak, korrelazioak eta beste hainbat kontu non dauden ikusi dugu. Bi konpetentzia landu ditugu lehenengo bi saioetan: konpetentzia digitala eta konpetentzia psikoemozionala. Beste bi saioetan ezagutza hori praktikara nola eraman landu genuen. Arlo psikoemozionalari dagokionez, buru-gaixotasunen prebentzioan eta kontentzioan jardun genuen, hau da, nerabeen ulermenean. Mugikorren inguruan, bestetik, norbanako, familia eta herri bezala zer egin dezakegun aztertu genuen. Adibidez, norbanako edo familia bezala mugikorrak kontrolatzeko zein teknika dagoen ikusi genuen, eta herri bezala Altxa Burua bezalako dinamikek nolako garrantzia duten aztertu genuen.
Urteak daramatzazu gaian trebatzen, Altxa Burua ekimenak ere egin du bere bidea... Ikusten hasi gara lan horren emaitzak?
Oraintxe ez dut daturik eskura, baina badakigu 2-3 urtetan oso aldaketa handia eman dela gai horren inguruan. Adibidez, 2021ean, Zumaian, DBH 1eko ikasleen %10ak soilik ez zuen telefono mugikorrik eta gaur egun %65 da mugikorrik ez duena. Alegia bertsioa aldatu egin da eta gehiago dira mugikorrik ez duten ikasleak. Zumaian bezala, Zarautzen, Usurbilen, Tolosan eta beste hainbat tokitan gauza bera gertatu da.
Zergatik atzeratu beharko litzateke haur eta nerabeen sarbidea mugikorretara?
Beraien osasunean eta garapen kognitiboan demaseko eragina duelako. Hori bi modutara ulertu behar da: kontsumo beretik datozen ondorioak eta kontsumo horren ondorioz zer egiteari laga zaion. Lehen moduari helduz, mugikorra da guztia, baina da guztia orain momentuan. Hau da, “nahi dut eta badut”. Beraz, gazteek garatu beharko lituzketen hainbat balio (frustrazioarekiko tolerantzia, adibidez) kaltetuta agertzen dira. Arreta-gaitasunean ere eragin nabarmena du. Garuna organo bat da, baina muskulu batek bezala jarduten du: erabiltzen badut, potentziatu egingo dut; baina ez badut erabiltzen, kaltetuz joango da eta erabiltzen dudan modu horretara moldatuko da. Beraz, nire denbora gehienean bideo hutsalak ikusten baditut, zailtasunak izango ditut arreta gehiago eskatzen duten edukien aurrean (liburuak irakurri, pelikula bat ikusi...). Gazteak hori guztia garatzeko oso momentu ebolutiboan daude. Beste albo ondorio garrantzitsu bat zera da: pornografiaren lehen kontsumoa 8 urtetara jaitsi da. Ez da jaitsi bilaketa egitearen ondorioz, baizik eta pornografiaren industriak erabiltzaile hauek aurkitu dituelako. Horrekin batera eduki ez-zibikoen kontsumoak dituen eraginak daude (sexualizazioa, biolentzia...), sareetan barra-barra aurkitu daitekeena. Ondorioz, nerabeak euren balioen eta identitatearen eraikuntzaren momentu garrantzitsuan daude modu naturalean, iritzi kritiko gabe, eta horrenbeste eduki ez-zibiko kontsumitzeak eduki horiek normalizatzea ekartzen du. Gainera, errepikatzeko joera handitzen du, eduki horiek askotan sareetan saritu egiten direlako. Horri ziberjazarpena izateko aukera gehitu behar zaio. Ziberjazarpena da gure adingabeetan bere buruaz beste egiteari lotutako egoera nagusienetako bat. Beraz, mugikorretarako sarbidea zenbat eta goizago eman, gero eta zailagoa izango da horrelako egoerak kudeatzea. Txanponaren beste aurpegia hau da: gazteen herenak baino gehiagok 5 ordutik gora ematen ditu egunero mugikorrarekin eta horrek erakusten du ez diela beste ezer egiteko denborarik ematen. Hain zuzen ere, jarduera osasuntsuek pisua galdu dute: kirola egitea (kantitatean eta kalitatean), emozioen kudeaketa, naturarekin harremana izatea, arte eta sormena lantzea eta, batez ere, pertsonen arteko benetako harremanen gainbehera. Beraz, ondo egiten dieten gauzak baztertzen badizkiegu eta buru-osasuna kaltetzen badie, balantzak alde batera egiten du.
Zein adinetara arte atzeratu beharko litzateke nerabeen sarbidea mugikorretara?
Maitane eta biok bide bat marraztu dugu zentzu horretan, baina nazioarte mailan zehaztuta dago 16 urte baino lehenago smartphonerik ez edukitzea, ahal den neurrian. Benetan behar bat badago eta ez beldur bat, telefono analogiko edo deitzeko bakarrik balio duen erloju batekin konpondu daitezke eta sarbidearen adina atzeratu. Baina adina atzeratzeagatik atzeratzeak ez du harreman osasuntsu bat ekarriko. Asko lagunduko du, heldutasuna behar delako, baina txikiak gai horretan hezitu behar ditugu ezagutza emanez eta eredu izanez.
Ziur aski noizbait gazteek smartphone bat edukitzeko momentua helduko da. Ezinbestekoa da aurretik hezitze-lan hori egitea?
Duda barik! Guk autoaren gida-baimenaren antzeko ibilbide bat marrazten dugu. 14-16 urte bitartean, Bigarren Hezkuntzako bigarren ziklo horretan, normalean gauza zailagoak ulertzeko gai dira eta, beraz, oso garrantzitsua da azaltzea pantailaren atzean gertatzen dena pantailaren aurrean jarri aurretik. Adibidez, jakin behar dute produktu hauek guztiak zergatik agertzen zaizkigun dohainik, nahiz eta sortzen eta mantentzen hain garestiak izan; edo gure arreta nola lortzen duten (zein teknika teknologiko eta psikologiko erabiltzen duten). Haur eta nerabeak digitalki ahalduntzea lortu behar dugu. Horretarako, lehen kontaktua edukitzeko gurasoen mugikorrak erabili ditzakete. Horrela, 14-16 urte artean teoria ikasi ondoren, praktikara pasako ginateke, autoan bezala, eta autoeskolan gertatzen den moduan, bidelagun on bat izan behar dute. 16 urterekin smartphone bat maileguan laga ahal diegu eta 16-18 urte bitartean horren erabileraren ondorioak ikusi ditzakegu, praktikan egongo balira bezala. Helburua gailuekin harreman osasuntsua izango duten norbanakoak izatea da. Beraz, epe horretan euren kabuz erabilera egokiaegiteko gai direla erakusten badute, kontrol hori murrizten joango da eta 18 urterekin, ezagutza sendo batekin, tresnak izango dituzte gailu hauek erabiltzeko, nahiz eta salbuetsita ez egon hanka-sartzeak egiteko.