Teresa Agirreazaldegi, Gure Esku Dago: "Alderdixak auzixari heltzen ez detsela ikusitta, arduria geuk hartu biharko dogu"
- Nundik nora sortu dozue Gure Esku Dago / San Blas Zati Bat taldia?
Oiñ dala bi-hiru hillebete, uda ostian-edo hasi giñan batzen, aldameneko herrixetan be ekimena sustatzen hasitta eguazela ikusitta. Ikuspegi eta ideia zabala dakagun batzuk gaixari heldu eta holan hasi giñan batzen, Eibarren be taldia sortu eta ekimena sustatzeko asmuakin. Denporia aurrera doia eta gaixa mahai gaiñera etaratzia biharrezkua dala pentsatzen dogu. Alderdixak ezer egitten ez dabenez, gaixari modu zuzenian ez detsenez heltzen, geuk hartu dogu horren arduria geure gain.
- Eta zeintzuk osatzen dozue?
Taldekide gehixenak ez dakagu lotura zuzenik politikarekin. Bakotxa toki batetik gatoz, pentsatzeko modu diferentia dakagu, adin tarte zabala hartzen dogu… Izan be, ekimena sortu zan momentutik, hasieratik aniztasuna billatu dogu herriko batzordiak eratzeko orduan. Ekimenak danak azpixan hartzeko moduko aterkiña izan nahi dau, danendako tokixa dago.
- Aurretik batzen hasitta zagozie, baiña ekimena herrittarren artian zabaltzeko ekitaldixekin batez be oiñ hasi zarie, ezta?
Oiñ arte, hillebete honetan zihar hainbat jarduera garatzen gabiz: oin dala asteburu bi ekimenari atxikimendua emon detsen herriko hainbat lagun ezagunek talde argazkixa etara eben Untzagan eta, horrez gain, "Gazta zati bat" dokumentalaren emanaldixa eta ekimenaren barri emoteko hitzaldixa egin dira Portalean. Hilaren 22rako (zapaturako), barriz, beste herri batzuetan egindakuaren bidetik, Eibarren be ahalik eta jende gehixen batu nahi dogu Untzagan, 13.00ian, danak alkarrekin ekimenaren irudixa dan esku modukua osatu eta goittik erretratua etaratzeko. Bixen bittartian, furgoneta bat herririk herri ibilliko da eskualdian, jendiak ekimenaren harira antolatutakuen barri emoten.
- Herrittarrak ekimenari atxikimendua emoteko siñadurak batzen diharduzue. Zelan emon leike atxikimendua?
Jarduerak egitten goiazen neurrixan, aurreko asteburuan lez kalian mahaixa ipiñiko dogu, nahi daben jendiak manifestuari atxikimendua egitteko aukeria euki deixan. Hortik aparte, astero astelehenetan billeria egitten dogu Kulturalian, lehelengo pisuan, 19.00etatik 20.00etara. Gurekin kontaktuan ipiñi nahi dabenak, billera egunian zuzenian etorri eta gurekin berba egitteko aukeria daka.
- Ekaiñaren 8xan egingo da jarduera nagusiña, Durango eta Iruñea bittarteko giza-katia. Honezkero hori osatzeko metruak saltzen hasi zarie, zer egin bihar dau erosi nahi dabenak?
Metruak bost euro balixo dau eta erosten dabenari trukian kit modukua emoten jako, guardasol, zapi eta bestelakuekin, egunian bertan erabiltzeko. Katian parte hartu nahi dabenak aukera bi dakaz: Eibarko lantaldiarekin kontaktuan ipiñi (billera egunen batian bertara agertuta) eta egun horretan nun ipiñi biharko dan esango detsagu edo, bestela, interneten gureeskudago.net webgunian sartu eta, eskatzen dittuen datuak beteta, bakotxaren eskualdia zein dan kontuan hartuta, ibilbideko toki batzuk proposatuko detsez, berak bat aukeratzeko.