Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenezko ekitaldiak antolatu ditu Eibarko Udalak gaurko
Gaur (azaroak 10) Memoriaren Eguna ospatuko da Euskadin, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenez, eta Eibarko Udalak herritar guztiei zabalik egingo diren bi ekitaldi antolatu ditu: 13:30ean minutu bateko isilunea egingo da Untzagan, biktima guztiak gogoratzeko eta, jarraian, 13:35ean, erakundeetako ordezkariek lore-eskaintza egingo dute udaletxeko patioan, biktimak gogoratzeko bertan dagoen plakaren azpian.
Jon Iraola alkateak egun honen garrantzia azpimarratu du, eta herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldietara: “Memoriaren Egunak gogorarazten digu iraganari errespetuz eta biktima guztiekiko enpatiaz begiratu beharra dagoela, eta giza eskubideetan eta indarkeriaren gaitzespenean oinarritutako bizikidetzarekiko konpromisoa indartu behar dela. Eibartar guztiak gonbidatu nahi ditut ekitaldi hauetan parte hartzera eta memoria bizirik mantentzera, gizarte bidezkoago eta baketsuago baten oinarri gisa”.