The Beatles taldeari eskainitako hitzaldia, filma eta kontzertua irailean

The Beatles taldeari eskainitako hitzaldia, filma eta kontzertua irailean
2013/09/03 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 3) prentsaurrekoan azaldu dutenez, irailean The Beatles taldeari eskainitako hainbat ekimen hartuko ditu gure herriak, taldearen sorreraren 50. urteurrenaren harira. Udalak eta Jai Productions enpresak elkarlanean antolatutako egitaraua irailaren 19an hasiko da, musikan eta The Beatles taldean aditua den Jesus Ordovasek emango duen hitzaldiarekin: La revolución pop de los Beatles izenburuari jarraituta, taldeak musika munduan izandako eraginaren garrantziaz eta horri lotutako beste hainbat konturen inguruan jardungo du berbetan Portalean, 19.30etatik aurrera.
Horrekin batera, eta oraingo gazte askorentzat ezezaguna den taldea ezagutarazteko helburuarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean, Yellow Submarine filmaren hainbat proiekzio eskainiko dituzte Coliseoan irailaren 24an. Aurreratu dutenez, DBH-ko 1.000 ikasle inguruk izango du marrazki bizidunetako pelikula ikusteko aukera. Gainera, filma jatorrizko hizkuntzan (ingelesez, gaztelerazko azpitituluekin lagunduta) proiektatuko denez, musikaz zerbait ikasteaz gain dakiten ingelesa erabiltzeko modua ere izango dute gazteek. Ikasleentzat antolatutako emanaldiak goizez izango dira, baina nahi duten guztiek filma ikusteko aukera ere izango dute, egun berean 20.30etan proiektatuko dute-eta (sarrerak 3 eurotan salgai).
Eta egitaraua biribiltzeko, mundu mailan kontzertuak eskaintzen diharduen The Southts taldea Coliseoan zuzenean ikusteko aukera izango da (irailaren 26an, 20.30etan, sarrerak 20 eurotan salgai). Beatles taldeari eskainitako bandak, euren abestiak jotzearekin batera, taldeak sasoi bakoitzean erabilitako estetika eta bestelakoak kontuan hartuta sortutako ikuskizuna eskaintzen duela azaldu dute antolatzaileek eta, horri esker, zaleek urteetan atzera egiteko aukera eta The Beatles taldea zuzenean gozatzeko aukera paregabea izango dute. Sarrerak aldez aurretik erosteko aukera izango da astelehenetik (hilaren 9tik) aurrera, ohiko bideei jarraituta: Coliseoko leihatilan, astelehenetan 19.00etatik 20.00etara eta barixakuetan 21.00etatik 22.00etara eta internet bidez, www.kutxabank.es helbidean.