‘The Phoenix of Gaza’ dokumentala emango dute urriaren 15ean eta 16an
Genozidioaren aurretik Gaza nolakoa zen erakusten duen dokumentala ekarriko dute, urriaren 15ean eta 16an, Coliseora. Gainera, Yousef Ahlelou egilea bertan egongo da eta ikusleen galderak erantzungo ditu. Dokumentalak arrakasta handia izan du atzerrian eta Iñaki Laskurain eibartarraren eskutik iritsi da gurera.
Yousef Ahlelou kazetari eta zinegile palestinarraren ‘The Phoenix of Gaza’ dokumentalak munduari buelta eman dio bertan azaltzen duenagatik. “Israelen bonbardaketen eta genozidioaren aurretik Gaza nolakoa zen azaltzen du”, esan digu Iñaki Laskurainek.
Reuters Instituten bekari esker 2013an Oxfordeko Unibertsitatean kazetaritza ikasteko aukera izan zuen Ahlelouk. Hamarkada bat egin zuen Gazatik kanpo eta 2023ko uztailean etxera itzultzea erabaki zuen txikitako bizilagunekin eta tokiekin berriz konektatzeko. Bere asmoa Gazako poza, altxorrak eta edertasuna batzen zituen dokumentala egitea zen eta eraikin historikoei, hondartzako bizitzari, aisialdirako espazioei buruzko erreportaje zabala egin zuen... urriaren 8an Israelek hori guztia suntsitu aurretik.
Alhelou berehala konturatu zen hartutako irudiak setiatutako eta blokeatutako gunearen bizitza kultural, sozial eta ludikoaren azken erregistro bihurtuko zirela, eta ‘The Phoenix of Gaza’ sortu zuen. Bertan, ikus-entzuleak Gaza Yousefen begietatik ikusiko du: Israelen okupazioaren, blokeoaren eta oldarraldi militarraren aurrean, gazatarrek sormena eta erresilientzia nola lantzen duten; eta edertasunak nola egiten dion uko itzaltzeari.
Egilea egongo da
Dokumentala urriaren 15ean (euskaraz) eta 16an (gazteleraz) emango dute Coliseon, 19:00etan (oraindik ez dute zehaztu sarreraren prezioa). Gainera, Yousef Ahlelou autorea bertan izango da, eta ikus-entzuleen galderei erantzungo die. Egileak asko du esateko, are gehiago jakinda 2023ko abenduaren 10ean Israelek bere ahizpa eta haren zazpi seme-alabak hil zituela.
Dokumentala Iñaki Laskurainen ekimenez iritsi da gurera, nahiko bide bitxia eginez. Izan ere, Laskurain Eibar eta Dublin artean bizi da, han baititu bi semeak. Errugbian ibilbide oparoa egin ondoren, kirolaren bitartez sareak ehundu ditu Irlandan eta Palestinaren aldeko talde bateko kide da, ‘Dubs for Palestine’. “Taldeko sortzaile bat ezagutzen nuen, David Hickey, futbol gaelikoko jokalari eta errugbilari ohia, eta baita munduko transplante-zirujau garrantzitsuenetako bat ere”, diosku Laskurainek. “Bikote bilbotarra duen Victor King ere ezagutzen nuen eta esan zidan Yousef laguna zuela”.
Honek dokumentala Euskal Herrira ekartzea proposatu zion eta Gernika – Palestina elkartearekin harremanetan jarri zen, baina ez zuten interesik azaldu. “Orduan, Jon Iraola alkatearekin harremanetan jarri nintzen eta atseginez hartu zuen dokumentala Eibarren emateko proposamena”, diosku Laskurainek. Orain, Eibar Palestinarekin elkartearen laguntzarekin, dokumentala Coliseon emateko azken xehetasunak zehazten dihardute.