THE VARTOOLS: “Taldeko kideen arteko harremana da The Vartoolsek duen gauzarik onena”
Lehen diskoa argitaratu zutenetik ia 10 urte pasa direnean bigarren lana kaleratu du gaur The Vartools talde eibartarrak. Harrezkero, bizipen ugari izan ditu Ion Larreategik, Borja Etxeberriak (lehen bi hauekin egin dugu elkarrizketa), Mikel Gaugerrek eta Fran Retenagak osatzen duten taldeak, baina ez du hasierako esentzia eta indarra galdu. Bidean taldekide egin zen Walter Tuzzeo maitatua galdu duten arren, disko berriak bere eskua darama.
Awesome da The Vartools taldearen disko berriaren izenburua. Irailaz geroztik abestiak banan-banan joan dira argitaratzen eta gaur, azken kanta kaleratzearekin, diskoa bere osotasunean aurkeztuko dute. Lana plataforma digitaletan dago entzungai, baina ez dute baztertzen biniloak ateratzea. Gainera, aurki kontzertuen daten berri izango dugu.
(Argazkiak: Josu Torrealday)
Poliki-poliki joan zarete diskoaren abestiak argitaratzen. Gogotsu zaudete behingoz diskoa bere osotasunean kaleratzeko?
BORJA: Bai, gogoa dugu diskoa osorik kaleratzeko eta jendeari zer iruditzen zaion jakiteko. Abestiak banan-banan kaleratu ditugu eta jendeak kantuak bakarka baloratu ditu, baina ez da gauza bera dena osorik edo abestiak banaka entzutea.
Zergatik egin duzue horrela?
ION: Printzipioz, gure asmoa ez da CD bat argitaratzea. Beraz, gaur egun egiten dena eta adituek diotena begiratzen ibili gara, eta ikusi genuen abestiak denbora-tarte batekin kaleratzen joatea dela joera. Horrela egiten hasi ginen irailean, lau abesti kaleratu genituen, gero etenaldia egin dugu abenduan, urtarrilean ‘Bele txuria’ kanta argitaratu dugu, The Vartoolsen lehen abestia euskaraz, eta orain disko osoa argitaratuko dugu gaur bertan. Beraz, kaleratzeko falta den azken abestia bertan aurkituko duzue. Sorpresatxo bat da.
Nolako sorpresa izango da?
ION: Apropos laga dugu abesti hau amaierarako, guretzat berezia izan delako hasieratik eta eibartar moduan harrotasunez hartzen dugulako. Su Ta Gar taldearen ‘Mari’ abestiaren bertsio bat da. Urteetan zuzenean jo izan dugu (2014 edo 2015eko Legarreko jaietan jo genuen lehendabizi) eta, Walterri egindako omenaldira begira, Aitor Gorosabeli galdetu genion ea ‘Mari’-ren bertsioa argitaratu ahal genuen eta, bestalde, omenaldian parte hartuko zukeen. Orduan lokalean gurekin entseatzen egon zen eta Untzagan elkarrekin abestu genuen. Demaseko esperientzia zoragarria izan zen guretzat.
Beraz, euskarazko bi abesti izango ditu diskoak.
ION: Hori da. Guztira sei abesti izango ditu eta bi euskaraz izango dira. Beraz, aldaketaren bat ari da gertatzen. Erantzuna positiboa izan da.
Abestiak kaleratzen joan zareten neurrian entzuleen iritziak jakin ahal izan dituzue. Zer diote?
BORJA: Egia esan, jendea diskoa osorik kaleratzeko zain zegoen. Batzuek biniloak, kamisetak eta kontzertuak ere eskatu dizkigute.
ION: Borjak esan duen moduan, ez da gauza bera abestiak banaka entzutea edo diskoa osorik.
Bestalde, egia ere bada musika entzuteko ohiturak aldatu egin direla.
BORJA: Horregatik egin dugu horrela, jendeak abesti solteak entzuten dituelako. Abesti bat hartu, erreprodukzio-zerrendan sartu eta agian ez duzu talde horren abesti gehiago entzuten.
ION: Gu, ostera, pixka bat kontrara goaz. 70. eta 80. hamarkadetako rock klasikoa jotzen dugu eta, gaur egun berehalakotasuna eta gauza motzak bilatzen badira, gure abestiak 5 minutukoak dira. “Zeinen luzea egin zaidan abestia”, esan izan dit aitak, 7-8 minutuko abestiak dituzten Led Zepellin eta Deep Purple bezalako taldeen zalea izanda! Zelako ohitura aldaketa egon den! Dena dela, disko berriaren iraupena lehen diskoaren berdintsua da.
Ia 10 urte pasa dira azken diskoa kaleratu zenutenetik. Non igarri duzue aldaketarik gehien: entzuleetan, zuen musikan...?
BORJA: 10 urtetan gauza asko pasatu dira.
ION: Lehen diskoa 2015ean argitaratu genuen eta handik hilabete batzuetara Borjak ukondoa apurtu zuen, eta jarduna eten behar izan genuen. 2016ko irailean bigarren diskoa grabatzen hasi ginen, eta bi hilabetetan diskoaren musika grabatuta genuen… Eta orain 2025. urtean gaude eta gaur irten da diskoa (barreak).
BORJA: Zortzi urte behar izan ditugu disko osoa sortzeko.
Su txikian egindako lana.
ION: Tarte horretan taldekideok hiru seme-alaba izan ditugu, pandemia bat...
BORJA: Eta gero, Walterrena. Demaseko kolpea izan zen.
ION: Gure pianista, kide eta teknikaria joan izatea pizgarria izan da guretzat, zerbait egin behar genuela argi laga zigulako. Diskoa Walterrek grabatu zuen, bere ordenagailuan zituen pista guztiak eta esnatu behar genuela konturatu ginen. Konturatu ginen bizitza honetan ezer ez dela betirako. Beraz, arrankatu egin genuen.
BORJA: Moduren batean, berarentzat amaitu nahi izan dugu diskoa.
Beraz, amore eman beharrean, azken bultzada eman zizuen gertaera horrek.
ION: Bitxia da, baina sei abestietatik bosten ahotsak, melodiak eta abar grabatuta genituen, eta batek bakarrik ez zuen letrarik, estribilloa bai ordea, eta zera zioen: “This life is long enough to realize how short it is” (Bizitza aski luzea da zein motza den konturatzeko). Ez zuen estrofarik edo beste mezurik, estribillo hori bakarrik. Ez genekien nola bete eta Walter joan zenean, “mezua hor zegoen” pentsatu genuen. Horregatik, ‘B.I.G.’ izenburua jarri genion abestiari, raperoek Big Walter esaten ziotelako.
BORJA: Letra zenbat egunetan egin zenuen?
ION: Di-da batean. Idazten jarri, negar batean, eta sei urtetan atera ez zen letra bat arratsalde batean irten zen.
BORJA: Gero, abestia lokalean grabatu genuen, gure modura. Ikusiko balu, Walter sutan jarriko litzateke (barreak).
ION: Ahotsak Walterrek grabatutako instrumentuen gainean jarri genituen, eta Iruñeko Erviti estudioan egin genuen azken nahasketa eta masterizazioa. Horrela irten da Awesome.
Eta izenburu hori, zer dela eta?
ION: Diskoko abesti baten izena da.
BORJA: Lan honetarako egin genuen lehen abestia izan zen eta, bere sasoian, gure asmoa Awesome 1, Awesome 2 eta Awesome 3 ateratzea zen (barreak).
ION: Awesome ateratzen zazpi urte iraun badugu, pentsa bigarrena noiz aterako den (barreak). Izenburua zergatik jarri genion ez dakit. Abesti hori bai da besteak baino funkyagoa, jai-giro mistiko-lisergikoa du, eta berezia, dibertigarria eta alaia da. Zoragarria edo miresgarria iruditzen zaigu, eta horregatik jarri diogu horrela.
Nola bizi duzue musika? Musika zer da zuentzat?
ION: Musika nahiko antzera sortzen eta ikusten dugu taldekideok, horregatik eduki dugu hain harreman ona. Hasieran gu laurok geunden, lehen diskoa grabatu ondoren Walter adoptatu genuen eta, bere eraginaren ondorioz, gure buruari presio gehiago sartzen hasi ginen kalitateari eta hobekuntzari begira. Musika zen bere ogibidea eta guretzat, ostera, zaletasuna eta ametsa zen, eta gainera oso ondo pasatzen genuen. Orduan, entseguetan ez genuen abesti bat mila aldiz jotzen perfektu irten arte, baizik eta abesti batetik bestera pasatzen ginen gogoak ematen zigun bezala. Kanpoko gauzak ahaztu eta lokalean deskonektatzeko modu bat zen. Orain, ostera, Walter joan denetik, berriz ere eszenatokietara itzultzen saiatu garenean, abesti bat hartzen dugu eta bi ordu ematen ditugu berarekin perfekzioa bilatzen.
BORJA: Urte batzuetan zehar taldea guztiz geldirik egon da. Ni neu beste proiektu batzuekin ibili naiz, Mikel Madrilen bizi da…
ION: Eta geratzen ginenean ez zen modu perfektuan jotzeko izaten, baizik eta garagardo batzuk edan, ondo pasatu eta zerbait jotzeko.
BORJA: Hori bai, gure arteko harremana ez da galdu.
ION: Elkarrizketa batean esaten genuen musikariak baino lagunak ginela, eta Borjak zera esan zuen: “Eta tontoak lagunak baino gehiago”. Gure arteko harremana da The Vartoolsek duen gauzarik onena eta eszenatokian, konposatzeko momentuan eta taldea kudeatzeko eran igartzen da.