Tipi-tapa, tipi-tapa: badator Korrika!

Martxoaren 28an, zapatua, gauez igaroko da euskararen aldeko lasterketa Eibartik, eta azken egunetan buru-belarri dabiltza lanean AEK-ko kideak, egitarauak koordinatzen eta materiala prestatzen. Korrikak sortzen duen ilusioa herritar guztien bihotzetan bizirik dago, eta parte-hartzea auzoetara ere iristen da, ekintza kulturalekin eta familiak barne hartzen dituzten egitarauekin.
Tipi-tapa, tipi-tapa: badator Korrika!
2026/03/25 13:52
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika badator, eta Eibarren jada nabari da urduritasuna. Martxoaren 28an, zapatua, gauez igaroko da euskararen aldeko lasterketa herritik, eta azken egunetan buru-belarri dabiltza lanean bertako AEK-ko kideak, egitarauak koordinatzen eta materiala prestatzen, besteak beste. “Lanpetuta gaude, baina pozik”, barre artean aitortu du Gorka Zubeldiak, Eibarko AEK-ko irakasle eta aurtengo eskualdeko Korrikako arduradunak. Ildo beretik mintzatu da Nerea Ibarluzea Eibarko AEK-ko pertsonen arduradun eta irakaslea: “Eguneroko lana egiten gabiltza, eta gainera Korrikaz blai gaude!”. 

Nerea Ibarluzea, Jone Olaizola eta Gorka Zubeldia Eibarko AEKko kideak.
Jone Olaizolak, Eibarko eta eskualdeko AEK-ko arduradun eta irakasleak, Korrikak sortzen duen ilusioa nabarmendu du: “Lasterketa berezia da, jende askoren inplikazioa eskatzen duena”. Hala ere, ardura ere badakar: “Antolakuntzan gauden heinean, kezka ere badugu dena ondo ateratzeko”. Azken asteetan egitarauak lotzen, kilometroak koordinatzen eta lekukoentzako petoak prestatzen aritu dira, beste lan askoren artean. “Hori bai, hau elkarlana da zalantzarik gabe”, dio Olaizolak, “denok parte hartzen ez badugu, ezinezkoa litzateke aurrera ateratzea”.

Eibarren 26 kilometro egingo ditu Korrikak, eta lan teknikoa urtebete lehenagotik prestatzen da. “Ibilbidea eta kilometroak aurrez adostu behar dira, eta gero herriko eragileekin hitz egin”, azaldu du Zubeldiak. Aurten ere erantzuna oso ona izan da: “Jendeak gogoz hartu du parte, eta hori oso pozgarria da”.

Korrika Eguna baino harago, hilabete osoan zehar egin den Korrika Kulturalak protagonismo berezia izan du. “Oso arrakastatsua izan da”, dio Zubeldiak, “eta elkarlana nabarmendu du, eragile askoren ekarpenarekin osatu baitugu egitaraua”. Ibarluzeak gaineratu du: “Korrikaren aurreko hilabetea girotzeko balio izan du, eta kultura eta euskara uztartzeko aukera eman du”.

Aurten, gainera, egitaraua auzoetara zabaltzea izan da berrikuntzetako bat. “Ideia batzordean sortu zen, eta auzoek oso ondo hartu dute”, azaldu du Zubeldiak. Auzoetako taldeek euren proposamenak egin dituzte, eta horrek egitaraua aberastu du. “Zapatuan giro ederra egongo da”, aurreikusi du Olaizolak, “eta proposamen polit asko jasotzea oso pozgarria izan da”.

Hala ere, Korrikaz eta jai giroaz harago, euskararen egoeraz galdetuta, kezka sortzen duela ohartarazi dute. “Ez gaude oso baikor”, aitortu du Olaizolak. “Erabilera datuek ez dute hobera egiten: eutsi edo beherantzko joera dago”. Zubeldiak bereizi egin ditu Korrikaren indarra eta eguneroko egoera soziolinguistikoa: “Korrikak ez du berez egoera aldatuko, baina pizgarria izan daiteke herri mailan zerbait mugitzeko”.

Euskaltegiko egunerokoari dagokionez, ehun ikasle inguru dabiltza Eibarko AEK euskaltegian matrikulatuta. “Azken urteetan matrikulazioa igo egin da”, azaldu du Olaizolak, baina erronka handia da oraindik jende gehiago erakartzea. Horretarako, Korrikaren ondoren ekimen berezi bat antolatuko dute: Korrikaren hamabigarren eguna antolatuko dute; bertan, hasiberrientzako doako klase bat eskainiko dute. “Helburua da Korrikako ilusioa urte osora eramatea”, dio Zubeldiak, “eta jendeak euskaraz ikasteko aukera izatea”. Ibarluzeak gaineratu du euskaltegiaren ateak zabaldu nahi dituztela: “Hamabigarren egun horretan jendea etortzea, euskaltegiko metodologia probatzea eta, ahal bada, gelditzea da asmoa”.

“Korrika barruan zein kanpoan, jende askok egiten duen ahalegina ez da beti aitortzen”, nabarmendu du Ibarluzeak. Hala ere, eguneroko lan horrek ematen dio zentzua proiektuari. Maila pertsonalean galdetuta, aurtengo leloa, “Euskara gara”, ez da esaldi huts bat haientzat. “Nire burua identifikatzeko modu bat da”, dio Ibarluezeak, hizkuntzak bere nortasunean duen pisua nabarmenduz. Zubeldiak komunitatearen dimentsioa azpimarratu du: “Leloak talde baten parte sentiarazten du eta komunitate historiko horrekin bat egitera bultzatzen du”. Olaizolak borobildu du ideia: “Euskara ardatz duen komunitate anitza gara”, eta erronka nagusia dela euskararen aldeko jarreratik eguneroko erabilerara jauzia ematea.

Amaitzeko, dei argia egin dute: “Korrika bizi egin behar da”, dio Ibarluzeak. Zubeldiak disfrutatzeko gonbita egin du, eta Olaizolak gogorarazi du Korrika jai bat dela, baina baita aldarrikapena ere. Prestakuntzak amaituta, Eibarren Korrika iristeko unea da, eta euskararen aldeko ilusioa herritarren bihotzetan bizirik dago.