Tiro Pitxoia: Armaginen lurretan, tiratzaile finak

Tiro Pitxoia: Armaginen lurretan, tiratzaile finak
2022/09/07 16:16
eta kitto!
Arrateko Tiro Pitxoiak 70 urte inguru daramatza bertan. Paraje ezin hobean dago kokatuta eta mundu osoko tiratzaileak jaso ditu urte hauetan zehar. Elkarteak gora beherak izan ditu bere ibilbidean, baina gaur egun momentu bikaina bizi du, martxa betean eta, gainera, bikain funtzionatzen duen taberna eta jatetxearekin.

 

Eibarko Tiro a Vuelo Elkartea (lehen Tiro Pichon) 1951. urtean sortu zen kirol-armen fabrikatzaileen eta herriko ehiztarien bultzadaz. “Filosofia egokia zuten nire ustez”, dio Miguel Tudanca elkarteko kideak, “edonori ematen zitzaiolako bertan parte hartzeko aukera”. Arma fabrikatzaile handiek zituzten elkartearen akzio gehienak, baina bazeuden parte-hartzaile partikularrak ere.

Sasoi hartan uso-tiroa zen ekintza nagusia eta gaur egun dauden zelaien alboan tiro-eremu bat eraiki zuten. Sektorearekin lotuta zihoan aktibitatea sortu zen eta “oso ondo funtzionatu zuen 1975 urte ingurura arte; Donostia, Bilbo, Iruñea eta Eibar artean zirkuitu moduko bat baitzegoen”, Tudancaren berbetan.

 

Lana pasioz

70. hamarkadaren amaieran eta 80.aren hasieran sektorea krisian zegoen eta beherakada egon zen tiraldietan. Orduan, 1985ean aldaketa handia egon zen elkartearen kirol-arloan. “Gaur egun gabiltzanok sartu ginen eta indar handia eman genion elkarteari, pixka bat berpiztuz”, diosku Tudancak. Gainera, Euskal Herrian zenbait tiro-eremu itxi ziren eta, Arratekoak jarraitu zuenez, kirolak indarra hartu zuen herrian. “Demaseko lagun-taldea sortu zen elkartean eta gaur egun espiritu horrekin jarraitzen dugu”, azpimarratzen digu.

Sasoi horretan sartu zen taldean tiroan aditua den jendea zegoen, kudeatzaile bikainak, ekonomian adituak, teknikaren aldetik asko zekitenak, ingurugiroan adituak (“sortzen ditugun hondakinak jaso egiten ditugu, zorrotzak gara horretan”), etabar. Hau da, arlo ezberdin askotatik ekarpenak egin zitzaketen pertsonak. Den-denak pasio batek batuta: tiroa. “Ez dugu kobratzen lan hau egiteagatik, afizio hutsagatik egiten dugu”, diosku Tudancak.

Elkartean sortu zen giro on horrek onura ugari ekarri zituen. “Ez taldearentzat bakarrik, baita herri mailan ere”, azaldu digute. Orduan, 1990ean fabrikatzaileen erakusketa handia egon zen Eibarren eta, horren harira, bi tiro-eremu egitea proposatu zioten elkarteari.

Elkarteak demaseko aktibitatea zuen eta tiro-eremua txiki geratu zitzaien. Orduan, Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntza jaso zuen tiro-eremu bien proiektua aurrera eramateko. “Baina arazo bat zegoen: Aldundiak ezin zion pribatua zen jarduera bati laguntzarik eman”, diosku Tudancak. “Gaiari mila buelta eman genizkion eta elkartearen jabeei esan genien gutxienez 10 urteko lagapena egiteko. Eurak ziren lurren jabeak, guk jardueraren kudeaketa egiten genuen bakarrik. Jabeek onartu egin zuten, bi tiro-eremu egin ziren, gunea berritu zen eta tiroaren jarduera asko hazi zen 2000. urtera bitartean”, esan digu Tudancak.

 

Elkarteari bultzada

Elkartea asko hazi zen eta, orduan, elkartearen akziodun nagusiek, lurren jabeak zirenek, gauzak hain ondo zihoazela ikusita, onura atera nahi izan zuten, “baina 2000. urtera arte kudeaketa gure esku lagata zuten eta ezin zuten ezer egin”, Tudancak errepikatu digunez. Orduan, 2000. urtea iritsi zen. “Jarduera bikain joateaz gain, higiezinen arloa gorakadan zegoen eta guzti hau saldu egin nahi izan zuten”, diosku. “Kudeaketan genbiltzanok jarraitu egin nahi genuen, baina ezin genion salmentaren prezioari aurre egin. Hainbat bilera egin genituen, blokeatu egin gintuzten eta prozesuak luze jarraitu zuen. Taberna itxi egin behar genuen! Azkenean, kontraeskaintza bat egin genuen eta akordio batera iritsi ginen sasoi hartako auzo-alkatearen laguntzarekin (Mandi)”, kontatu digu Tudancak.

 

Martxa betean

Kudeatzaileek elkartearen gidaritza osoa hartu ondoren, inbertsio handiak egin zituzten jarduerak hobetzeko. “Guk ez dugu honekin dirurik irabazi izan nahi. Are gehiago, dirua jartzen dugu eta doan egiten ditugu lanak elkartearentzat”, diosku Juanma Llona elkarteko kideak. Esan bezala, ez da negozioa, pasioa da.

Elkarteko kideek egindako ekarpenei esker hobekuntza handiak egin dira tiro-eremuan, jatetxean eta abar, eta esan daiteke punta-puntako instalazioak ditugula Eibarren. Adibidez, guztiz mekanizatutako tresnak daude tiradak egiteko eta, horrela, erabiltzaileak edozein momentutan joan daitezke bertara. Zentzu horretan, elkarteko kide biek argi dute taldearen filosofia: “elkartea guztiz irekia da, ateak zabalik ditugu”.

Gaur egun, gehien praktikatzen dena plater-tiroa da, gero helize-tiroa eta, azkenik, uso-tiroa. Gainera, Eibarren zenbait arma-ekoizle daudenez, jendea tiro-eremura joaten da armak probatzera.

Elkarteak 200 bazkide inguru ditu eta egunero ikusi daiteke jendea bertan. “Eta taldekoa izan barik ere, baldintza guztiak betez gero, edonor etorri daiteke tiratzera”, esan digute kideek. Bestetik, hilero tiradak egiten saiatzen dira eta hainbat txapelketa antolatzen dituzte urtean zehar. Abuztuan, adibidez, Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa jaso ditu Tiro Pitxoiak, eta 400 lagun inguru etorri dira lehiatzera (Espainia, Italia, Portugal, Mexiko, Frantzia… toki ezberdinetako jendea etorri ohi da). “Kopuru horri familiak eta lagunak gehitzen badizkiogu, demaseko jendetza da eta, ondorioz, pizgarri garrantzitsua herriko ekonomiarentzat”, diote biek.

IMG_4887 IMG_4886 IMG_4885 IMG_4884 IMG_4883 IMG_4878