TopaEguna Soraluzen ospatuko dute euskaltzaleek
Atzo (martitzena, hilak 10) aurkeztu zuten Donostian irailaren 28an Soraluzen ospatuko den TopaEguna Pil-Pilean Soraluzeko euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Aurkezpen ekitaldian Arrate Gisasola Pil-Pilean elkarteko eragileak eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak hartu zuten parte eta, eurekin batera Hiart Arluziaga Soraluzeko alkatea eta Kukumixo asialdi taldeko Goretti Goiogana ere izan ziren. Antolatzaileek azpimarratu zutenez, "TopaEguna euskaltzaleen jaieguna izatea nahi dute".
Ospakizunerako Soraluze aukeratu izana ez da kasualitatea izan, bestalde. Jasone Mendizabalek esandakoari jarraituta, "Deba bailarako euskaltzaleak euskara elkarteen mugimenduan aitzindari" izan dira beti eta oraingoan ere Deba ibaitik egin nahi izan diote Euskal Herri osoari bertaratzeko gonbitea.
Egunerako antolatu duten egitarauak adin guztientzako eskaintza izango duela azaldu zuen Arrate Gisasolak. Ekitaldi nagusia 18.00etatik aurrera egingo da eta bertan Euskal Herri osoko euskaltzaleen topaguneetako ordezkariek parte hartuko dutela aurreratu zuten. Horrekin batera, aisialdiko eskaintza (umeen hiria, hezitzaileen jolasak, berbaprobak, Irrien Lagunak,…), kultur eskaintza (Xero Xiette taldearen erromeria, Kokein eta Gose taldeen kontzertua, bertsolariak, Andrabanda feminista,…) eta herri bazkaria antolatu dituzte. Gainera, TopaEgunaren testuingurua aprobetxatuta, Jon Sarasuak irailaren amaieran argitara emango duen liburu berriaren aurkezpena Soraluzeko Kultur Etxean egingo du. Eta hori guztia biribiltzeko, Xero Xiette taldeak egunerako bereziki kantua sortu du. Egitarau osoa jarraian:
TopaEguneko egitaraua
11.00.- Harrera.
12.00.- Liburu aurkezpena (hitzaldia), Jon Sarasuaren eskutik.
Goizean zehar: Umeen hiria, berba probak, Andrabanda feminista, Kantu Jira eta puzgarriak.
14.30.- Herri bazkaria. Bazkalostean: Irrien Lagunak, Kultur Gindak, Hezitzaileen arteko jolasak eta kalejira.
18.00.- Ekitaldi nagusia.
19.00.- Xero Xiette taldearekin erromeria.
22.30.- Kontzertua: Kokein + Gose.