Topaguneak hizkimizki.com webgunea aurkeztu du
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hizkimizki.com webgunea aurkeztu du gaur Kutxa-Ekogunean. Euskaratik eta euskaraz sortu den tresna berri honek hizkuntzen arteko poltsikorako oinarrizko hiztegiak sortzea du helburu. Denera 43 hizkuntza biltzen ditu eta, euren arteko konbinazioak eginez, 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen ditu webguneak. Horietako hizkuntza asko lehen aldiz jarri dira bata bestearekin harremanetan, esaterako aragoiera-nepalera edo fula-islandiera. Ekitaldian Jasone Mendizabal (Topaguneko zuzendaria), Itziar Arrieta (Eusko Jaurlaritzako Immigrazioa eta Aniztasuna kudeatzeko zuzendaritza), Mikel Insausti (Kutxa-Ekoguneko zuzendaria), Maider Elkoro (proiektuaren arduraduna, Topagunea), Belen Uranga (Soziolinguistika klusterra), Nekane Goikoetxea (Sorguneak) eta Xabier Monasterio (Zenbat Gara elkartea) egon dira.
Aurkezpenean esan dutenez, "webgunearen funtzionamendua argia da. Erabiltzaileak nahi dituen bi hizkuntza hautatu eta momentu horretan hizkuntza horien arteko oinarrizko hiztegia sortzen du datu baseak: maketatuta ematen du, Din A4 batean inprimatu, tolestu, eta poltsikoan sartzeko prest. Hiztegiek komunikatzeko beharrezkoak diren nozioak biltzen dituzte, hala nola agurrak, ohiko galderak, eta abar. Esaldi horien artean euskarari eta Euskal Herriari erreferentzia egiten dioten esaldiak bildu dira webguneko 43 hizkuntzetan. Horrenbestez, Hizkimizki Euskal Herriaren enbaxadorea izango dela esan daiteke. Euskararen onurarako egindako lan honek bestelako hizkuntza gutxiagotuen onurarako ere erabilgarria izan daiteke. Izan ere, erabiltzaileak inoiz harremana izan ez duten hizkuntzen arteko hiztegia sor dezake, adibidez, alemanaren eta quechuaren artekoa. Hori dela eta, Quechua hizkuntza hitz egiten den herrialde batera doan alemanak quechueraz komunikatzeko aukera izango du gaztelaniara edo ingelesera jo gabe".
Hizkimizki.com aukeratutako edozein hizkuntzen arteko zubilana egiteko baliatu ahal izango da. Aurrerantzean poloniera/ errumaniera, errumaniera-poloniera eta nahi beste konbinazio egin ahal izango da. Proiektua garatze bidean dago. Aurrera begira erabiltzaileak izena eta pasahitz baten bitartez datu baseko informazioa zuzendu, aldatu eta gehitzeko aukera izango du. Gainera, etorkizunean hiztegiak gaika sortzeko aukera izango du erabiltzaileak.