Toribio Echevarria sarien 32. edizioa aurkeztu dute gaur goizean

Toribio Echevarria sarien 32. edizioa aurkeztu dute gaur goizean
2022/05/26 10:41
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Toribio Echevarria sarien 32. edizioa Jon Iraola alkateak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoa erakundearen zuzendari kudeatzaileak eta Ana Telleria Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotziak. Euskadiko enpresa-ekimenak aitortzeko eta ekintzaileei beren jarduera-hasieran laguntzeko sarien berri emateko ekitaldian azaldu dutenez, hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko startup eta enpresa-proiektuei zuzenduta daude, berrikuntza zientifiko-teknologikoan arreta berezia jarriz. Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 20an amaituko da. Oinarriak www.toribioechevarria.com sarien webgunean kontsulta daitezke.

Toribio Echevarria sarien deialdia bi kategoria nagusitan banatzen da: “Enpresa-ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Haietako bakoitzak 10.500 euroko sariaz gain, aukera ematen du laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoretza- eta formazio-programetan parte hartzeko.  Horiez gain, sari bat dago nazioartekotze-bidean laguntza behar duten enpresa-ekimenetara bideratua eta beste bi sari berezi, Eibarko Udalak ematen dituenak.

Sari bereziak eibartarrentzat


Toribio Echevarria sarien azken hiru edizioetan, Eibarko Udalak bi sari berezi eman ditu, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” izenekoak, herrian berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoa indartzeko helburuz. Bi sari hauek 10.500 euroko zenbatekoa dute bakoitzak eta baita BIC Gipuzkoa erakundearen bidez formazio espezializatua jasotzeko aukera ere.  Bi kasuotan, exijitzen den baldintza da enpresak Eibarren edukitzea bere egoitza edo konpromisoa hartzea saria ematen denetik urtebeteko epean Eibarren jarraitzeko, bi urteko epe batean gutxienez.

“Eibarko enpresa” saria, berriz, beste bi kategorietako edozeinetan aurkeztutako hautagaitza bati emango zaio; irizpidea izango da kalitate eta berrikuntza maila handia eskaintzea eta merkatuari balio-proposamen bat egitea, bai eta inbertsioa eta enplegua sortzeko ahalmena izatea ere.

“Espezializazio estrategikoa” sariaren kasuan, kirolaren alorrean kokatutako egitasmoak lehenetsiko dira; nolanahi ere, beste arlo estrategiko batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola energia eta manufaktura aurreratua, bereziki, mikrodoitasun-mekanika eta robotika.

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako sari hauetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak hartzen dute parte. Parte hartzen dute, baita ere, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, El Diario Vascok, SPRIk, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek.