Tradizio Bizia programarekin gozatzeko aukera abuztuan

Tradizio Bizia programarekin gozatzeko aukera abuztuan
2013/07/31 00:00
eta kitto!

Debegesak Debabarreneko turismoa indartzeko bultzatutako "Tradizio Bizia" esperientziak beste etapa bat, bigarrena izango du asteburu honetan. Aurreko asteburuko egitarauan Mutrikuko kaia eta Itziar-Debako Txindurri Iturri agroturismoa protagonista izan ziren moduan, oraingo honetan Eibar izango du ardatz egitarauak. Zapatuan, abuztuaren 3an, "Euskal sukaldea: baserritik mahaira" eskainiko zaie parte-hartzaileei. Horrela, Gisasola baserrian bertako produktuak zelan batzen diren erakutsiko zaie izena ematen dutenei eta, jarraian, Krabelin hotelean Jon Odriozola chef-ak bertako produktuak zelan sukaldatu erakutsiko du. Aktibitateak lau bat orduko iraupena izango du, goizeko 11.30etan hasita, eta Krabelinen egindako bazkariarekin amaituko da. Menua ortuko aperitiboa, porru-pudina, legatza saltsan, "euskal-txerri" britxeta eta sagar-tartak osatuko dute. Zapatu honetako esperientzia abuztuaren 10ean eta irailaren 14an errepikatuko da, prezioa 58 eurokoa da (12 euro 12 urtetik beherakoentzat) eta gehienez 12 lagun hartuko dira esperientzia bakoitzean. Txartelak 945 01 09 49 eta 652 71 42 90 telefono zenbakietan eskuratu daitezke eta aukera dago online erosteko: www.geobidaiak.com. Programak, gainera, beste esperientzia bat izango du, tartean eskuzko pilota mundua ezagutzeko, Astelena bisitatuz egingo dena, baina hori urriaren 6an eta 20an egingo da.