Txalainak, Hertzainak-en akustikoa zuzenean Belekon
Gaur gauean (barixakua, hilak 12), 22.30etatik aurrera Txalainak taldeak kontzertua emango du Beleko tabernan. Talde honek Hertzainak talde mitikoaren kantak era akustikoan moldatzen ditu. 2013ko udan, Bilboko Errekalde auzoko jaietan taberna batean kontzertu bakarra emateko asmoz jaio zen taldea, Juanra (Picadura, Barricadari eskainitako taldekoa) eta Manolo (Shisha Pangma-ko kide-ohia) musikarien eskutik, baina esperientziarekin gustora gelditu zirenez, taldearekin aurrera egiteko erabakia hartu zuten. Eurek diotenez, "gurea ez da omenezko ohizko talde bat, gure emanaldietan ez dago bateria, baju eta trikirik. Gure asmo bakarra, bikote akustiko formatuan, Hertzainak taldearen kantak gogoratuz une atsegin bat pasatzea da. Jatorrizko kantuen egitura eta melodiak errespetatzen ditugu, moldaketa akustikoan mamia ateratzen diegu eta, hori eginda, batez ere publikoaren parte-hartzea nahi dugu".