Txaranga Eguna ospatuko da bihar arratsaldean Eibarren
San Andres Eibarko ostalarien elkartearen ekimenez eta Ustekabe txarangak koordinatuta, bigarren Txaranga Eguna antolatu dute zapaturako (urriaren 4rako). Lau taldek hartuko dute parte: Ustekabe, Latuna Bando, UK03 eta Pasai. Txaranga bakoitza herriko toki ezberdin batetik abiatuko da, eta amaieran lau txarangak Untzagan batuko dira, elkarrekin bi pieza jotzeko. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten ekimena Oskar Trebiño tabernariak, Andoni Campos, Maialen Bravo eta Josu Mendicute Ustekabeko kideek, eta Patxi Lejardi jaietako zinegotziak.
Trebiñok esandakoari jarraituz, “Eibar hiri alaia” izatea nahi dute eta, horretarako, musikia auzoz auzo entzuteko ekitaldia bultzatu dute zapaturako, giro hori herriko txoko guztietan antzemateko helburua dute-eta.
Lau ibilbideak ere azaldu dituzte: erdialdean bertan hasiko da Pasai txaranga, Bista Eder inguruko tabernetan Latuna Bando, Ego Gain kaletik irtengo da UK03, eta Urkizutik Ustekabe. Lau kalejirak 19:30ean hasiko dira. Mendicuteren berbetan, “gure aldetik, herriko ostalariei eskerrak eman besterik ez daukagu, kaleko musika bultzatzeko hartu duten konpromisoarengatik”.
Kartela Maialen Bravok egin du. Ustekabeko perkusionista eta artista gaztea da bera eta, azaldu duenez, “txarangen aktuazioetan ematen diren irudiak isladatu nahi izan ditut kolore alaiez marraztutako kartelean”.