Txistorraren Egunak zapatua beteko du

Txistorraren Egunak zapatua beteko du
2014/11/21 00:00
eta kitto!

Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Txistorraren Egunak hamabigarren edizioa beteko du bihar (zapatua, hilak 22). Eguerdian ekingo zaio egitarauari, Pneumax enpresak eta Amets Txurruka txirrindulariak egingo duten txotxarekin. Horrekin batera hasiko dira txistorra eta edariak saltzen, Untzagako karpan. Ordu laurden geroago eta handik gertu, Toribio Etxebarria kalean, buruhaundiek eta dultzaineroek hartuko dute kalea. 13.00ean Valenciaga Memoriala lasterketan egindako argazkien lehiaketako irabazleei sariak banatuko zaizkie: bi bilduma onenak eta argazki hoberenak jasoko sarituko dituzte eta argazki irabazlea datorren denboraldiko kartelaren irudia izango da. Goizeko ekitaldia 14.30etarako amaituko da eta, bazkaltzeko etenaldia eta gero, arratsaldeko 18.30etan bueltatuko da jaia. Bien bitartean, Ustekabe fanfarreak Urkizutik Ipuruara kalejira egingo du (16.00etan irtengo dira) eta, Eibar eta Real Madrilen arteko partidua amaituta, musikari gazteek Untzaga ingurua girotuko dute, 20.00etatik 21.30etara bitartean. Ordu horretan hasiko da sarietan 3.000 euro inguru banatuko dituen zozketa.