Txistularien XXIII. Alardeak Donostiako Orfeoiaren partaidetza izango du

150 musikari, dantzari eta korukide baino gehiagok hartuko dute parte ekainaren 15ean Untzagan egingo den emanaldian.
Txistularien XXIII. Alardeak Donostiako Orfeoiaren partaidetza izango du
2025/06/02 19:21
eta kitto!

Eibarren lehen txistulari banda bat sortu zela 90 urte beteko dira aurten eta, hori ospatzeko, Txistularien XXIII. Alardea egingo da ekainaren 15ean, 12:30ean Untzagan. Berezi-berezia izango den ekitaldiaren aurkezpena gaur goizean egin dute Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Enrique Montero Usartza Txistulari Taldeko zuzendariak. 
Azken honek azaldu duenez, “90. urteurren horren ospakizunari begira, aipagarriena Euskal Herriko Txistularien Alardea izango da, San Juan jaien barruan egingo dena. Horretarako, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko diren txistulariak, Donostiako Orfeoia, Eibarko Kezka Dantza Taldea eta Neledantza dantza taldeko kideek eta beste hainbatek hartuko dute parte, guzti hau Eibarko Udalaren lankidetzarekin”. 
Izan ere, ekitaldiak ordezkaritza artistiko zabala izango du eta, besteak beste, Donostiako Orfeoiaren parte-hartzea nabarmendu dute. Harekin batera, Usartza Txistulari Taldeak, Eibarko Musika Eskolako txistu-ikasleak, herriko metal boskoteak (Unai Cabanzon, Danel Montero, Iñaki Orbegozo, Markel Uribarren, Jesus Rioja), teklatuak (Isabel Laspiur baxu elektrikoak (Aitor Moreno), perkusioak (Asier Rodriguez eta Pablo Zubiaurre), eta Kezka eta Neledantza taldeek hartuko dute parte. Aurreratu dutenez, errepertorio zabala eskainiko dute: herri-melodiak egongo dira, baina Mikel Laboa, Kalakan, Vangelis edo Ennio Morriconeren konposizio ezagun batzuk ere interpretatuko dituzte.
Alkatearen berbetan, “Alarde honekin omenaldia egin nahi zaie Eibarren txistuaren musika hainbat belaunalditan bizirik mantendu dutenei. Eta, horrekin batera, Usartza Txistulari Taldearen pasioa eta esfortzua eskertu nahi dugu, zeinak tradizioari eusten jakin izan duen, baita garairik zailenetan ere”. 
Emanaldia antolatzen diharduen Enrique Monterok adierazi duenez, “90 urte betetzen dira lehen banda sortu zenetik, eta ilusioz jarraitzen badugu ere, erreleboa behar dugu.  Premiazkoa da belaunaldi berriak txistura hurbiltzea, haren balioa ezagutzea eta ikasten hastea”. Ekitaldiak, halaber, omenaldia egin nahi dio bandako zuzendari izan zen Elena Perezi eta Eibarko Udal Musika Eskolako txistu ikasleen lana aitortzeko ere balioko du, “hainbat hilabetez jardun baitute entseguak egiten hitzordu hau prestatzeko”.
Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak urteurrenaren balio sinbolikoa azpimarratu du, eta herritar guztiak gonbidatu ditu “historia, musika eta sentimendu kolektiboa batzen dituen ekitaldi honetara”.