u-lab 1x programaren edizio berria antolatu dute, eraldaketa esanguratsuak lortu nahi dituztenei baliabideak emateko
U-lab 1x programaren edizio berria antolatu dute, eta parte hartu nahi dutenek Eibarren bertan izango dute horretarako aukera. Antolatzaileek diotenez, “online saioak eta aurrez aurreko topaketak bere baitan hartzen dituen programa elkarreragilea da, partaideei beren komunitateetan, erakundeetan eta sistemetan eraldaketa esanguratsuak lortzeko tresnak, metodoak eta espazioak eskaintzen dizkiena”. Saioetan honakoak ikasi ahalko dira: autoezagutza (garrantzirik handiena duen lidergo-gaitasuna); entzute sakona, behaketa zehatza eta elkarrizketa lantzeko praktikak; eta gizartean ongizatea sortzen duten berrikuntzak sortzeko metodoak.
Topaketak domeketan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Egotik Ekora gelan (Casa del Puebloko 4. solairuan), irailaren 22an eta 29an, urriaren 6an, 20an eta 27an eta azaroaren 17an. Aurkezpena, berriz, datorren eguenean, irailaren 12an izango da, 20:00etan, leku berean. Parte hartzeko ez dago aldez aurreko eskakizunik eta saioak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira (materialak ingelesetik gaztelaniara itzulita daude). Mundu osoko bazkide eta jarraitzaileen ekarpenei esker, programa doakoa da. Argibideetarako 670 39 12 06 telefono zenbakira deitu daiteke.
Informazio gehiago HEMEN.