Udako Aukeren Azoka martitzenetik eguenera bitartean egingo da Toribio Etxebarria kalean
Eibarko Udako Aukeren Azoka Toribio Etxebarria kalean egongo da aurten ere, Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatuta. Berrikuntza gisa, aurten egun bat aurretik, martitzenean hasi eta eguenean amaituko da. Guztira 26 establezimenduk hartuko dute parte. Horietatik 19 Toribio Etxebarria kalean jarriko dituzten karpetan egongo dira, eta beste zazpik beraien dendetan egingo dituzte eskaintza bereziak. Azoka martitzenean inauguratuko da, 09:45ean, antolatzaileak, tokiko agintariak eta Eibarko merkataritzako ordezkariak bertan direla. Eguenera arte iraungo du, eta egunero 10:00etatik 20:00etara zabalduko dute.
Kalean postua ipinita parte hartuko duten establezimenduak honako hauek dira: Atelier11, Beittu, Bambi, Burbujas y Más, Designed by Nona, Eskulan, Gigil Design, Gratzina, Guby, Helmet House, Ikusi, Kopiña, Lulu, Moapics, No Comment, Otaola deskantsu denda, Pissa, Twins eta Txukuna. Eta dendatik bertatik arituko direnak, berriz, beste hauek: Askasibar, Cedry, El Vestidor, Farmalur, Federópticos Igmar, Oskarbi eta Vieco.
Beti bezala, azokak hainbat merkataritza-sektoretako produktu-sorta zabala eskainiko du: ekipamendu pertsonala (arropa, oinetakoak eta osagarriak), etxeko produktuak, kirola, dekorazioa, optika, jostailu-denda, paper-denda, opariak edo parafarmazia.
Bestalde, antolatzaileek azpimarratu dutenez, “standak kokatzeko orduan, tabernek Toribio Etxebarria kaleko beren establezimenduen aurrean jartzen dituzten terrazetarako behar adinako lekua lagako da”.
Euskaraz Primeran kanpainarekin hartuko du parte …eta kitto!-k
...eta kitto! Euskara Elkartea, bestalde, azokan izango da berriro, Euskaraz Primeran egitasmoarekin. Beste batzuetan bezala, erosketak egiterakoan herritarren artean euskara sustatzeko jarduera prestatu du: oraingo honetan, ... eta kitto! Euskara Elkartearen standera hurbiltzen direnek kristalezko ontzi batzuk koloretako harriekin bete beharko dituzte, parte hartzaileek euskararekiko hartzen duten konpromisoaren arabera: urdina saltoki edo ostalaritza establezimendu batera joatean “lehen hitza euskaraz” bada; laranja, “elkarrizketa euskaraz hastea” bada; eta arrosa “elkarrizketa euskaraz mantentzea” bada. Parte-hartzaileek kanpainako poltsa jasoko dute opari gisa, eta EMGIk emandako 100 euroko erosketa-bonuaren zozketan sartuko dira, azokako postuetan bertan erosketak egiteko. ...eta kitto!-ren mahaia Toribio Etxebarrian egongo da hiru egunetan, Birjiñape zeharbidearen ondoan, goizeko 10:30etik 12:30era. Zozketa azken egunean, eguenean egingo da, 12:30ean, standean bertan.