Udal Gobernuak 2023ko udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu du

Udal Gobernuak 2023ko udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu du
2023/01/12 13:30
eta kitto!
Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ogasun zinegotziak Udalaren 2023ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu dute gaur goizean. Udal Gobernuaren proposamenean 45,8 milioi euroko aurrekontua zehazten da, iaz baino 2,6 milioi gehiago (%6), eta azken bi urteetan gauzatu barik geratu ziren proiektuak aurrera eramatea da helburu nagusia. Oposizioko alderdiek abenduaren 21ean jaso zuten proposamena eta zuzenketak egiteko edo adostasunak lortzeko sasoia da orain.

Iraolak eta Telleriak esan dutenez, 2023a oso urte garrantzitsua izango da hirigintzari dagokionez. Horrela, 6,72 milioi euroko partida bideratuko dute hirigunea hobetzeko, sarbideetarako eta eraikinen egokitzea egiteko. Besteak beste, Torrekuako anbulatorioa jubilatuen-etxe bihurtzeko lanak egitea aurreikuten dute, Barakaldo kalea Estaziño eta Azitain artean egin nahi duten pasealekuarekin lotzeko igogailua eraiki nahi dute, eta anbulatorioaren eta Julian Etxeberria kalearen inguruak berrurbanizatu nahi dituzte. Azken lan horren bitartez, gainera, autoek kontrako norabidea hartuko dute Julian Etxebarria kalean (gaur egunekoarekin alderatuz) eta, horrela, asteburuetan beste aukera bat emango diete autoei Donostiako norabidea har dezaten.

Inbertsioen atalari dagokionez, Arragueta kaleko 16. zenbakia erosteko asmoa dutela esan dute. “Hutsik dago eta hondamendi egoeran. Beraz, eraikina botatzea, espazioa egitea eta Bidebarrieta kalearekin lotzeko pasabidea egitea da asmoa”, Iraolaren berbetan. Bestetik, Ego Gain kaleko eraikin berrian lokal bat erosteko nahia ere agertu dute, bertan “ganorazko autobus geltokia egiteko”, komunekin, kontsignekin, autobusak itxaroteko bankuekin, eta abar.

 

Aurrekontu orekatuak

Telleriaren berbetan, “aurrekontu orekatuak” egiten saiatu dira, “herriko gune guztiak, kolektiboak eta pertsonak aintzat hartuz”. Ondasun arrunten atalari bideratuko zaio aurrekontuaren diru gehiena, 16 milioi inguru. “Energia elektrikoaren eta erregaien horniduran egon den hazkundearen ondorioz gertatu da hori”, bere berbetan. Gainera, aurten Kirol Patronatua Udalean integratu denez, kirol-instalakuntzen gastuak ere hartu behar dira kontuan.

Beste arlo batzuk aipatzen jarrita, baserritarrekin lortutako akordioa azpimarratu dute Udal ordezkariek. Horrela, datozen lau urteetan 350.000 euro bideratuko dira mendi-bideak berritu eta hobetzeko.

Babes sozialari dagokionez, 5 milioi euro bideratuko dira hainbat programa aurrera eramateko (iaz baino %8,55 gehiago), genero berdintasuna sustatzeko 478.000 euro bideratuko dira (iaz baino %73 gehiago), Ingurumen sailak 700.000 euro inguru jasoko ditu, herrian euskararen erabilpena sustatzeko milioi bat euro inguru bideratuko dute, Kultura sailak 4,3 milioi euro jasoko ditu (iaz baino %11,7 gehiago), Ekonomiaren Garapen sailak 2,9 milioi euro jasoko ditu (iaz baino %4,1 gehiago) eta 1,9 milioi euro bideratuko dira enpresa garapen eta berritasun programentzat, eta Gazteria sailak iaz baino 130.000 euro gehiago jasoko ditu.