Udalak 263.021 eurotan adjudikatu ditu Muzategi kalea hobetzeko eta birzolatzeko obrak

Udalak 263.021 eurotan adjudikatu ditu Muzategi kalea hobetzeko eta birzolatzeko obrak
2021/04/13 10:45
eta kitto!
Eibarko Udalak Muzategi kalea hobetzeko eta birzolatzeko obren exekuzioa 263.021,87 eurotan (BEZa barne) esleitu dizkio Construcciones Otegui Gaztañaga SL enpresari, eta lanak  17 astetan egingo dira. Egitasmoak, batetik, Muzategi kaleko eraberritze integrala eta kalearen hobekuntza jasotzen du, eta, bestetik, kale hori eta Errebal Plaziak izango dituen hainbat terraza lotzen ditu; modu horretan "Errebal kaleko konexioa hobetu egingo da", azaldu dute Udalaren webgunean Gainera, ezabatu egingo da gaur egun espaloiaren eta bidearen artean dagoen koten arteko aldea, eta koexistentzia gune bat sortuko da.



Egitasmo honetarako, Errebal kaleko urbanizazioko eta funtzio anitzeko eraikinaren inguruetako materialak erabiliko dira, "azken emaitza osotasunean armonikoa izan dadin", azaldu dute Udaletik. Halaber, lan horiek baliatuko dira zerbitzu-sareak berrizteko, hala nola, edateko ur-hornidura, saneamendua (euri-urak eta ur beltzak), argiteria publikoa eta telefonia-sareak.