Udalak Basalgo parke eolikoaren proiektuaren aurkako alegazioak "orekatutako" trantsizio energetiko baten baitan oinarritu ditu
Udalak bi bilera egin ditu ostegun honetan (azaroak 13) Basalgo parke eolikoari buruz, goizez eta arratsaldez, herritarrei Arena Power Solar 10, S.L.U. enpresaren proiektuaren funtsezko ezaugarriak azaltzeko helburuarekin. Saioetan aerosorgailuen kokalekuak, instalazioen dimentsioak eta proiektuak ingurune naturalean eta paisaian izan ditzakeen eragin nagusiak zehaztu dira, baita proiektua aurrera ateratzeko egingo den bide sarea ere.
Mahaiburuan Eva Juez Ingurumen saileko arduradun politikoa, Vanesa Larrabide Ingurumen saileko arduradun teknikoa, Oskar Bell udal arkitektoa eta Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotzia izan dira. Azalpenetan, administrazio-prozeduran, alegazioak aurkezteko epeetan eta energia berriztagarrien proiektu mota hau arautzen duen esparru juridikoan jarri da arreta.
Trantsizio energetikoa beharrezkoa dela nabarmendu dute udal ordezkariek, baina trantsizio hori bidezkoa eta orekatua izan behar dela, “proiektu hauekin bizi behar dugunok haien parte aktibo eta onuradun izan gaitezen”. Halaber, gogorarazi dute parke eolikoaren proiektua onartzearen erabakia beste administrazio bati dagokiola, Eusko Jaurlaritzaren energia eta industria arloko organo eskudunei, hain zuzen ere.