Udalak Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana landu du
Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana osatu du eta hilaren 20an aurkeztuko du herritarren aurrean. Bertan 45 ekintza jasotzen dira datozen lau urteetarako (2024-2028), eta kultura-aniztasunaren ikuspegia zeharkakotasunez txertatzen du Udalaren jardueran. Horrela, gure herriaren pluraltasunari eta dibertsitateari erantzun egokia eman nahi zaio.
Bederatzi urte inguru Udaleko zinegotzi izan ondoren, Gorka Errastik berriz ere heldu dio immigrazio teknikari lanpostuari. “Oso pozik hartu dut itzulera, gogotsu”, aitortu digunez, “ia ahaztuta nuen hainbeste gustatzen zitzaidala nire lana. Lehen hilabeteak berrikasteko aprobetxatu ditut, baina martxa hartu dut, bizikletan ibiltzea bezala, ez delako ahazten”.
Hainbat urteren ondoren, ostera, Eibarko gizartea aldatu egin da eta Errastik atzeman du. “Horren ondorioz, lan karga handitu egin da”, gehitzen du. Baina urte hauetan zer gauza aldatu dira Eibarren? Honakoa erantzun digu immigrazio teknikariak: “Eibarko argazkia aldatu egin da. Orain dela bederatzi urte higiezinen krisiaren azken astinduak nabari genituen eta hona iristen ziren atzerritarrak ez ziren hainbeste herrialdetatik etortzen, baizik eta Espainiako estatuan sakabanatuta zeudenak ziren. Gaur egun, ostera, euren herrialdeetatik etortzen dira, bertako egoera askoz ere okerragoa delako eta bizitza hobeago baten bila datoz. Horrela, bikoiztu egin da aniztasuna, baita immigrazio-tasa ere, eta egoera nahiko gogorrak eta zaurgarriak ikusten dira”.
Gaur egun, 89 herrialdetako pertsonak bizi dira gure herrian, eta atzerrian jaiotako eibartarrak biztanleriaren %14,4 dira (2012an %7,6 ziren). Beraz, migrazioan egon den aldaketa horrek herrian eragina izan du, baina nolakoa? “Beti esan izan dut, baina aniztasuna gero eta handiagoa izaten den neurrian, erronka nagusiena koexistentziatik elkarbizitzara pasatzea da”, azpimarratu du Errastik. Izan ere, bere esanetan, “Eibar horrelakoa da orain eta horrela jarraituko du izaten, gainontzeko herriek bezala. Mundua globalizatua da, koloretsua, eta gero eta gehiago izango da. Gure bilakaera demografikoa ikusten badugu, etorkizuna horrelakoa izango da eta hori kudeatu beharko dugu denok batera elkarbizitzeko”.
Azken urte hauetan munduko beste toki batzuetan ikusten ditugun gerrek, goseteek eta bestelako egoerek zerikusia dute etorkizunean migrazio uholdeak egongo direla aurreikusteko orduan. “Mundua pil-pilean dago. Jendearekin aurrez-aurreko hitzorduak izaten ditut eta ikusten da migratzeko arrazoi mordoa dagoela. Askok segurtasuna aipatzen dute, euren herrialdeak ez direla bizitzeko seguruak; beste batzuek egoera ekonomikoarengatik migratzen dute”, diosku Errastik, baina beste gako bat gehiago ematen digu: “Geroz eta gehiago egiten da berba ingurumen-migranteetaz”.
Planaren gakoak
Eibar aspalditik izan da kanpotik etorritako jendea hartzen duen herria. “Beti izan gara harrera herria”, Errastiren berbetan. “Biztanleriaren %30a EAEtik kanpo jaio da”, gehitzen du. Orain dela urte batzuk Espainiatik etorritako jendea jaso genuen Eibarren eta, teknikariaren berbetan, “sasoian sasoikora ohitzen joan gara”, baina aurrean dugun egoerari aurre egiteko gauzak landu behar direla uste du. “Elkarbizitza ez da magia bidez sortzen. Bide horretan zailtasunak egon daitezke eta hori guztia errazteko gaude hemen”, diosku.
Hain zuzen ere, horretarako landu du Udalak Eibarko Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana. “Herrira etortzen den jendeari harrera eman behar zaio eta hori da planaren garrantzia. Gizarteratzea landu behar da, baina ez atzerriko jendearen gizarteratzea bakarrik, baizik eta gizarte guztiarena. Denok egin behar dugu ahalegina gizarteratzean laguntzeko. Kultur-aniztasunaren inguruan eta sentsibilizazioarekin zerikusia duten ekintzak egin behar dira, eta elkar ezagutza sustatu behar da. Eta, bestetik, plan honetan jasotzen den jauzi kualitatiboa transbertsalitatearen eskutik dator. Kultur aniztasuna zeharkako gauza bat da. Ez da immigrazio teknikariak edo Gizarte Zerbitzuak bakarrik egin behar duten zerbait, planak Udaleko sail guztiek kultur aniztasunaren ikuspegia txertatzeko ordua dela jasotzen duelako”, azaldu digu Errastik.
Azken puntu hori zehazte aldera, adibide bat jarri digu: “Urtero antolatu behar dugu Kulturartekotasun Jaia? Edo ordua da, adibidez, Sanjuanetan kulturartekotasun ekintzak txertatzeko? Txip hori planean sartzen saiatu gara”.
Guztiaren atzean, pertsonak
Plana gauzatzeaz gain, bestelako zerbitzuak eskaintzen dira Gizartekintzako immigrazio sailetik. Hala nola, arreta zuzena eskaintzea (“atzerritar jatorriko eibartarrekin hitzorduak edukitzen ditut astean hiru aldiz”), lan-komunitarioa egitea (“integrazioa lantzeko ekintzak, gainontzeko eragileekin elkarlana… Adibidez, lan munduan, formakuntza zentroekin eta ikastetxeekin, hor lan asko dagoelako egiteko”), sentsibilizazio ekintzak (hilaren 23an zurrumurruen aurkako solasaldia egongo da) eta nazioarteko lankidetza.
Arreta zuzenari garrantzi handia ematen dio Errastik. “Azken neurrian, plan eta asmo guztien atzean pertsonak daude, eta askotan hori ahaztu egiten zaigu”, Errastiren ustez. “Jende batek oso modu arrotzean egiten du berba etorkinen inguruan, agian ez dutelako kanpotik etorri den eibartarrik ezagutzen, eta egunerokotasunean ikusten dut. Denok gara pertsonak eta bakoitzak bere zailtasunak, ilusioak eta itxaropenak ditu, eta hori guztia zaindu egin behar da”, gehitzen du.
Zuzeneko arreta horretan, “konturatzen naiz eurentzat arrotza den herri batera etortzen direla, herriaren inguruan oso informazio gutxi dutela, eta askotan lehen harrera hori zuzena izatea eta informazioa ahalik eta modurik errazenean eta onenean ematea oso garrantzitsua da, galduta ez ibiltzeko”, teknikariaren iritziz.