Udalak laguntzak emango dizkie beste behin herriko enpresa txiki eta ertainei lehiakortasuna hobetzeko erronketarako

Udalak laguntzak emango dizkie beste behin herriko enpresa txiki eta ertainei lehiakortasuna hobetzeko erronketarako
2021/04/14 10:03
eta kitto!


Eibarko Udalak, zortzigarren urtez jarraian, herriko enpresa txiki eta ertainei beren erronka teknologiko berrietan laguntzeko dirulaguntza-programaren edizio berri bat jarri du abian. Deialdi honen helburua da —aurreko edizioetan izandako esperientzia positiboak ikusita—50 langile edo gutxiago dituzten Eibarko enpresa txiki eta ertainei laguntzea proiektu estrategikoak garatuz eta hainbat azterlan eta ekintza eginez  lehiakortasuna hobetu ahal izateko. Enpresek azaroaren 12ra arte aurkez ditzakete eskabideak, eta 4.750 eta 5.500 euro arteko dirulaguntzak eskuratu. Udalak 100.000 euroko partida bat bideratu du zortzigarren urtez jarraian martxan jartzen den ekimen honetarako.

Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailaren zinegotziaren hitzetan, “Eibarko enpresen lehiakortasuna hobetzea bereziki garrantzitsua da egungo egoera aldakorrean, lekua egitea edo enpresa bakoitzaren berezitasuna nabarmentzea zaila den egungo egoeran. Horregatik, horrelako laguntzak, udal-programan hain finkatuta daudenak, bereziki baliagarriak dira enpresei egungo egoera ekonomikoan erraztasun gehiagorekin moldatzeko behar dituzten tresnak emateko ".

Hiru kontzeptutan lagunduko zaie diruz programan parte hartzen duten enpresei.  Lehenik, berrikuntzan (produktuena, zerbitzuena edota prozesuena), nazioartekotzean eta proiektuen finantzazioan espezializatutako aholkularitza. Hemen sartzen dira enpresen lehiakortasuna hainbat arlotatik hobetzeko ekintzak, hala nola arlo digital edo legaletik, edo enpresa-coachingetik. Atal honetan, programak egindako ekintzen kostuaren % 30eraino finantzatuko du.

Bigarren atalean sartzen dira produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak —hortik lehiakortasun-abantailak eratortzea espero da—sartzera zuzendutako elementuak eskuratzeko finantzazioa, bai eta produktu berriak eta egungo prozesuak garatzearekin estu lotuta dauden elementuak ere. Kasu honetan jasotzen dira berrikuntza- edota digitalizazio-proiektuak diseinatu, garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren ekipoak, tresnak edo beste bitarteko batzuk erostea edo alokatzea; aplikazio informatikoak ezartzea; proiektuak ikertzeko ta garatzeko gastuak; jabetza industrial eta intelektualaren babesa; eta aurtengo berrikuntza gisa, produktuak merkaturatzeko bide berriak ezartzea marketin digitaleko estrategiak sustatuz.  Kasu hauetan, % 80raino finantzatuko da.

Eta diruz lagunduko den hirugarren atalean sartzen dira nazioartekotzea sustatzeko ekintzak, hala nola kanpoko merkatuetan bazkideak, banatzaileak, eragileak eta bezeroak bilatzera zuzendutako jarduerak (% 50eraino finantzagarriak); nazioartekotze-plan bat egitea (% 80raino finantzagarria); edo telelana ezartzera bideratutako ekintzak (% 80raino finantzagarriak).

Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Eibarren lantokiren bat duten enpresek, azken sei hilabeteetan 50 langile edo gutxiago badituzte plantillan, eta deialdian zehazten diren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren talderen baten barruan zergak ordaintzen badituzte.

Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, 12 langiletik beherako enpresen kasuan gehieneko zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da; 12 eta 25 langile bitarteko enpresetan 5.200 euro; eta 25 langiletik gorako enpresetan 4.750 euro. Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren 3. mailan sailkatuta dauden enpresen kasuan, dirulaguntza 1.000 euro gehiago izango da. Enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuen kasuan,  zenbatekoa % 25ean handituko da.

Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)