Udalak onartu duen 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana aurkeztu dute

Udalak onartu duen 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana aurkeztu dute
2021/02/23 14:44
eta kitto!
Alkatetzaren Ebazpen bidez Eibarko Udalak onartu berri duen 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana-ren aurkezpena egin dute gaur goizean Ana Telleria Gobernua Zabalik Ordezkaritzako zinegotzi arduradunak eta Pedro Irusta Komunikazio eta Gardentasun teknikariak. Azaldu dutenez, plan horri esker erakundearen barne zein kanpoko komunikazioa hobetu eta udal-gardentasuna bultzatu nahi dute. Onartutako dokumentuak 2016-2019 aldirako lehenengo komunikazio-estrategiari jarraipena ematea ahalbidetzen du, baita erakundeak 2017an egindako gardentasun-estrategiari ere. Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dituzten emaitza, estrategia, datu eta bestelako guztiak zehatz kontsultatzeko aukera egongo da laster, 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana udalaren webgunera igo bezain laster.

Ana Telleria Gobernua Zabalik Ordezkaritzako zinegotzi arduradunaren berbetan, “Plan berria egin eta ezarri ondoren, udal-arloen eta bertako zerbitzuen arteko koordinazioa erraztea eta herritarrek eta komunikabideek Udalarekin duten harremanari buruz duten pertzepzioa hobetzea espero dugu”.

Azaldutakoaren arabera, Plana udaleko giza baliabideekin eta baliabide teknikoekin egin da eta, lehenik eta behin, azterketa edo diagnostiko orokor bat jasotzen du, Eibarko Udalak komunikazioaren eta gardentasunaren arloan duen egoera zein den zehazteko. Azterketa hori egiteko, metodologia kualitatiboa aplikatu da eta, erabilitako tekniken artean, honako hauek nabarmendu dituzte: elkarrizketa, behaketa parte-hartzailea, inkesta, dokumentuen berrikuspena (udal-planak eta -programak, memoriak…) eta udal-komunikaziorako hainbat kanal, hala online nola offline (web-orria eta udal-mikrositeak, sare sozialak, informazio-buletinak edo newsletterrak, aplikazio mugikorra, aldizkariak eta liburuxkak).
Diagnostikoaren fasea 2020ko urria eta azaroa bitartean egin zen. Guztira, 19 elkarrizketa egin ziren: hamabost, udal arlo, zerbitzu eta unitateetako arduradunei, eta beste lau Udalbatzako hautetsiei (alkatea eta oposizioko talde politikoetako bozeramaileak). Halaber, 220 inkesta lortu ziren komunikazioaren eta udal-gardentasunaren egoera baloratzeko: horietatik 90 udaleko langileek, talde politikoek eta sindikatuek bete zituzten, eta beste 130 Eibarko herritarrek.
Komunikazio eta gardentasunaren arloan erakundeak duen egoeraren azterketa egin ondoren, hauek lirateke antzeman dituzten zailtasun nagusiak edo hobetu beharrekoak: barne-komunikazioaren koordinazioa eta kudeaketa eskasa; komunikazio instituzionalari eta udal-markaren irudiari buruz herritarrek duten pertzepzio ertaina; irisgarritasunari eta udal-webgunearen edukiei buruzko balorazio moderatua; Udal Gardentasunaren Atariaren puntuazio ertaina eta informazio publikoaren eskaerei erantzuteko atzerapena; eta sare sozial sektorialetan ezarpen eskasa.



Aurrera begira garatuko dituzten ekintzak

Behin egoera aztertuta, helburu estrategiko hauek zehaztu dituzte: 2021-2023 aldian barne eta kanpo komunikazioa %20 optimizatzea eta udal gardentasunari buruzko komunikazioa aldi berean %20 bultzatzea. Esan dutenez, helburu horiek betetzeko hainbat hobekuntza-ekintza gauzatuko dira, “udal-arloen eta zerbitzuen arteko harremanak errazteko, bai eta Udalak herritarrekin dituen harremanak eta komunikazioa errazteko ere”.

Barne-mailan, udal sailen eta proiektu-taldeen bilerak sustatuko dira, udal-intraneta hobetzen eta sare sozial korporatibo bat ezartzeko lan egingo da, Krisiaren Komunikazio Plan eraginkor bat egingo da –egungo beharrekin bat datorrena–, eta erakundearen  ikusizko identitate korporatiboaren proiektu berri bat bultzatuko da.

Eta kanpo-komunikazioa hobetzeko, honako hobekuntza-ekintza hauek garatzea aurreikusi da: www.eibar.eus udal webgunea eta udal mikrositeak modernizatzea, informazio-gaurkotasuneko newsletter bat sortzearekin batera; udal webgunearen eta aplikazio mugikorraren irisgarritasuna hobetzeko proiektua sustatzen jarraitzea; udal-gardentasunaren proiektua eguneratzea eta hobetzea, eduki berritzaileak argitaratuz eta informazio publikoaren sarbiderako administrazio-prozedura berrikusi; Social Media edo Sare Sozialen Plan berri bat egitea, barnean hartuta Telegram-kanal bat sortzea Udalarentzat; Administrazio publikoetan Komunikazioari eta Gardentasunari buruzko I. Jardunaldiak antolatzea; eta Udalaren hautagaitza aurkeztea Gobernu Onari edo Berrikuntzari buruzko hainbat sari, ziurtagiri edo aintzatespenetara (EloGE zigilua, NovaGob sariak, Euskalit sariak, Internet Sariak), kanpoko erakundeek emandakoak.

Plan berrian zehaztutako ekintzak betetzen diren aztertu eta baloratzeko, ebaluazio- eta jarraipen-metodo batzuk zehaztu dira, hala nola ekintza horiek prentsan eta web 2.0n duten eragina, inkestak, sakoneko elkarrizketak eta eztabaida-taldeak egitea, bai eta helburu kuantifikagarriak berrikustea ere, aurrez ezarritako adierazle batzuen bidez.