Udalak langabeentzako eta lan hobe baten bila ari direnentzako prestakuntza-jarduerak diruz lagunduko ditu

Enplegagarritasuna handitzen duten prestakuntza-ekintzetarako laguntzak emango ditu, atzerriko hizkuntzen ikastaro ofizialak edo gidabaimena ateratzeko ikastaroak, besteak beste.
Udalak langabeentzako eta lan hobe baten bila ari direnentzako prestakuntza-jarduerak diruz lagunduko ditu
2026/09/29 12:02
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Lana edo lan hobe baten bila ari diren eibartarrek prestakuntza-jarduerak egiteko dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte aurten ere. Eibarko Udalak 10.000 euroko partida bideratu du horretarako, eta onartutako eskabide bakoitzak gehienez 500 euroko laguntza jaso ahal izango du.

Dirulaguntzak enplegagarritasuna handitzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko erabili ahal izango dira, besteak beste, Lanbide Heziketako erdi edo goi mailako zikloak, enplegagarritasuna hobetzeko ikastaroak eta atzerriko hizkuntza-ikastaro ofizialak egiteko. Gidabaimena ateratzeko ikastaroak ere lagunduko dira, A motakoak izan ezik.

Norentzat dira laguntzak?

Dirulaguntzak eskatzeko, Eibarren erroldatuta egon behar da gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik, eta 23 urte edo gehiago izan 2026ko urtarrilaren 1ean. Gainera, eskabidea egiten den unean langabezian egon behar da edo enplegua hobetzeko egoeran.

Azken kasu horretan, urtebetetik beherako eta iraupen jakineko kontratuak dituztenek, lanaldi partzialeko kontratuak dituztenek edo hilean 1.221 eurotik beherako soldata garbia dutenek eskatu ahal izango dute laguntza.

Pertsona bakoitzak prestakuntza-jarduera bakarrerako eskatu ahal izango du dirulaguntza, eta jarduera 2026an hasi eta abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko da. Gainera, prestakuntza erabat gainditu beharko da. Hizkuntza-ikastaroen kasuan, titulazio ofiziala lortu beharko da, eta gidabaimenaren kasuan, baimena eskuratu beharko da.

Gehienez 500 euroko laguntza

Gehienez 500 euro jasoko ditu onartutako eskabide bakoitzak. Dirulaguntzaren barruan sartuko dira prestakuntza-jardueraren kostuak, beharrezko materialak eta prestakuntza-zentrora joateko garraio-gastuak. Eibarren bertan kokatutako zentroetara egindako joan-etorriak ez dira diruz lagunduko.

Irailaren 28tik urriaren 30era eskatu ahal izango dira laguntzak, bi egunak barne. Eskabideak Pegoran aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dira, Eibarko Udalaren webgunearen bidez, baita Administrazio Publikoen erregistroetan ere.

Udalak gogorarazi du eskabidearekin batera hainbat dokumentu aurkeztu behar direla, besteak beste, NANa, banku-kontuaren titulartasunaren agiria eta prestakuntza-jardueraren matrikula-orria. Langabeek Lanbideren inskripzio-aldien ziurtagiria aurkeztu beharko dute; enplegua hobetzeko egoeran daudenek, berriz, lan-kontratua, azken hiru nominak eta lan-bizitzaren dokumentua.