Udalaren egiturak eta zinegotzien soldatek "premiazko berrikuspena" behar dutela dio EH Bilduk
Gauzak horrela, 18 Batzorde horiek “guztiz berritzaileak eta zeharkakoak” izango lirateken zortzi Batzordetara murriztea proposatu dute: Espazio publikoaren kudeaketarako batzordea; Herritarren ongizaterako eta bizikidetzarako batzordea; Kultura, aisialdia eta ondarearen kudeaketarako batzordea; Udalaren kudeaketaren jarraipen batzordea; Garapen ekonomikorako eta laneratzerako batzordea; Euskara batzordea; Berdintasun Batzordea; eta Hezkuntza Batzordea.
Horrekin batera, alkateak eta zinegotziek jasoko dituzten soldata eta dietekin oso kritiko azaldu dira: “Eibarko Udalaren 2023-2027 agintaldiko osaera Plenoan alkate eta zinegotziek jasoko dituzten soldatak eta dietak onartu zituen PSEk, PNVren abstentzioaren laguntzaz, EH Bilduk puntu horren kontra bozkatu baitzuen. Zilegi al da alkate batek 71.000 euroko soldata jasotzea? Argi dago dieta eta soldatek hausnarketa eta debate sakon bat behar dutela”.
Bilduren ordezkarien arabera, “PSEk eta PNVk dieta kontzeptua desitxuratuta dute aspalditik. Zinegotzi ez liberatuek jasotzen dituzten dietak ez dira inolaz ere soldata gehigarri bat. Dieta, berez, ordezkari politiko horrek batzordeetara joan ahal izateko bere lana uzteagatik (lana dutenen kasuan) jasotzen duen konpentsazio ekonomikoa da. Dietak jaitsi dituela dio PSEk, baina tranpa egiten ari da. Izan ere, dietak 313 eurotik 200-250 eurotara jaitsi dituen arren, ez du diru-muga ukitu, eta hau 1.000 eurokoa da hileko”. EH Bilduk dietak 100 eurotara murriztea proposatu du, hilean 300 euroko mugarekin.
Amaitu aurretik, Hezkuntzaren gaiak Eibarren duen garrantzia beste behin mahai gainean jarri dute: “PSE beti eskumenen atzean ezkutatzen da, baina, bada ordua, Eibarren Hezkuntza komunitate sendoa eta kohesionatua lortzeko eta segregazio-arazoari aurre egiteko, gaia arduraz hartuko duen Hezkuntza Teknikaria kontratatzeko eta Hezkuntza Batzorde aholkularia martxan jartzeko. Gainera, EH Bilduk ezinbestekoa ikusten du Udalak eraikin berri bat jartzea Jaurlaritzaren esku, haurreskola plaza publiko gehiago eskaini ahal izateko”.