UEU-ren udaberriko ikastaro eskaintza prest
Gaur goizean (eguena, hilak 19) aurkeztu dituzte Markeskuan Udako Euskal Unibertsitateak udaberrirako antolatu dituen ikastaroak. Mari Karmen Menika ikastetxe nagusiko arduradunak eskaintza osatzen duten 18 ikastaroen berri eman du eta, azken urteotako joerari jarraituta, "udaberri honetarako ere on line eskaintza indartuta datorrela" aurreratu du. Horrekin batera, eibartar zein gipuzkoarrentzat bereziki dirulaguntza interesgarriak eskainiko dituztela gogoratu du agerraldian.
Klaseak Eibar, Iruñea eta Gasteizen emango dira eta, hortik kanpora, internet bidez norberak bere etxetik jarraitzeko modukoak ere badaude. Ikasgelako eskaintzan hauek dira eskainiko dituztenak: "Argazki-edizioa", "Argazkigintza dokumentala", "Emozioak eta norberaren gaitasunen lanketa sakontzen", "Eskola libre eta demokratikoak: gizarte aldaketarako tresna eta gako", "Gazteak, sexua eta sare sozialak", "Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak", "Zu irabazle, ni irabazle: gatazkak ikasgai bihurtuz", "NoSQL datu-baseak. MongoDB", "Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora" eta "Yoga eta kontzentrazioa eskolan". Eta on line eskaintzan, berriz, beste hauek ikasteko aukera izango da: "Euskal Herriko ekonomia eta gizartea azterketarako lanabesak. GIS librea", "Euskal literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan", "Moodle-ren oinarrizko erabilera", "Nola sortu eta saldu liburu elektronikoak" eta "Ordenagailuz lagundutako itzulpena: hainbat aukera". Informazio gehiagorako zein matrikula betetzeko www.ueu.eus helbidera jo daiteke.