UEUk on line irakaskuntzan jauzia emango du
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2013/2014 ikasturte irekiera ekitaldia egin du gaur (eguena, hilak 24) Eibarren, Markeskua jauregian. Ekitaldian, on line irakaskuntzan "jauzi kualitatiboa" eman nahi dutela adierazi du Karmele Artetxe zuzendariak. Etorkizun ez oso urrun batean euskal campus bat irudikatzen du UEUk, urruneko irakaskuntzan saretua eta beste unibertsitate batzuekin elkarlanean. Gaurko ekitaldian Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia eta Mª Jose Telleria alkate-ordea egon dira UEUri babesa ematen eta Iratxe Esnaola irakasleak ikasteko ingurune birtualei buruzko hitzaldia eskaini du.
Karmele Artetxek azken urteotako egoera zaila gogora ekartzen ekin dio ekitaldiari: "Orain dela urte bi, Jaurlaritzak ematen zigun partida izenduna kendu zigutenean, UEUren etorkizuna kolokan geratu zen. Behar-beharrezkoa dugun dirurik gabe geratzeaz gain, Jaurlaritzak egiten zigun errekonozimendua galtzea ere suposatu zuen horrek. Baina aurrera egin dugu, gure egitekoa beharrezkoa dela sinisten dugulako". Euskara eta unibertsitatearen munduak lotzen jarraituko dutela adierazi du Artetxek, "goi-mailako aditu euskaldunak formatzen; unibertsitate-mailako testuliburuak eta aldizkariak argitaratzen; unibertsitate, ikerketa-zentru eta erakunde desberdinetako pertsonen bilgune izaten; ikerlari gazteen bozgorailu izaten; auzolanean eraikitako proiektu berriak sustatzen; euskara zientifikoa finkatzen; dibulgatzen; komunitate unibertsitarioaren eskuetan utziko ditugun tresnak garatzen (Inguma, Unibertsitatea.net, buruxkak.org,...), eta abar. Eskerrak garai gogorretan alboan izan zaituztegun erakunde eta lagunak. Eskerrak batez ere gure bazkideei eta eskerrak bereziki UEUko lantaldeari".
Horrekin batera UEUrekin batera mahaian egon diren erakundeetako ordezkariak ikustea "benetan pozgarria dela" azpimarratu du: “Eusko Jaurlaritza berri honek urte zail honetan UEU laguntzeko erakutsi duen borondatea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa on line irakaskuntza eta graduondokoen ildoan, Bizkaiko Foru Aldundiak gugan duen konfidantza, besteak beste, Inguma edo udako ikastaroetan laguntzeko eta Eibarko Udalak gure proiektuarekiko hartutako konpromisoa ikustea gauza handia da, mahai honek UEUren proiektuari egiten zaion errekonozimendua irudikatzen baitu. Eskerrik asko benetan”.
Karmele Artetxek ikasturte berri honetan UEUk on line irakaskuntzaren erronkari helduko diola esan eta ildoaren bi helburu nagusiak azaldu ditu: "Goi-mailako etengabeko prestakuntzaren esparruan, formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrak asetzea eta, horrekin batera, Euskal Unibertsitatearen hazia ereitea". On line bidezko ikastaroak eta beste guztien inguruko informazioa www.ueu.org helbidean kontsultatu daiteke.