Umeak Eskolara eta Dirulaguntza Ikasleei laguntza programak martxan daude

Urriaren 10era arteko epea dago dirulaguntzak eskatu ahal izateko
Umeak Eskolara eta Dirulaguntza Ikasleei laguntza programak martxan daude
2025/09/04 12:39
eta kitto!

Eibarko Udalak berriz ere jarri ditu martxan Umeak Eskolara eta Dirulaguntza Ikasleei laguntza ekonomikoen programak, ikasturte hasieran familiei laguntzea eta herriko dendetan erostea bultzatzea helburu.

Eskaerak egiteko epea irailaren 1etik urriaren 10era bitartean egongo da zabalik, eta onuradun bakoitzak 60,10 eurora arteko zenbatekoa jaso ahal izango du Eibarko dendetan egindako erosketengatik. Horrela, epe horretan egindako erosketen fakturak bakarrik onartuko dira.

 

Umeak Eskolara

Baldintza hauek bete behar dira programa honetako laguntzak jaso ahal izateko:

·             2010eko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurrak izan behar dira.

·             Eibarren etenik gabe erroldatutakoak 2025eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean.

 

Dirulaguntzak Ikasleei

Programa honetarako hauek dira bete beharreko baldintzak:

·             Dirulaguntzak jasoko dituzte irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak (gutxienez 600 orduko iraupena), master edo doktorego homologatuak (ikasturtearen antzeko iraupena) eta pertsona helduen hezkuntzako (EPA) zentro publiko batean ikasketak egiten ari diren ikasleek

·             2000ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak izan behar dira

·             Eibarren etenik gabe erroldatutakoak 2025eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean

 

Aurkeztu beharreko dokumentuak

Eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

·             Eskabide-orria beteta.

·             Matrikularen egiaztagiria (‘Dirulaguntzak ikasleei’ laguntzen kasuan).

·             Saltokiak egindako fakturak dirulaguntzaren titularraren izenean, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuak.

·             Libretaren edo banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua. Ikaslea adin txikikoa bada, eta kontuaren titulartzat azaltzen dena tutorea edo harrerako pertsona/familia bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.