‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ laguntzen beste edizio bat martxan

‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ laguntzen beste edizio bat martxan
2023/09/05 10:47
eta kitto!
Udalak ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programen edizio berria martxan jartzea onartu du, herriko ikasle eta ikasleen familiei laguntzeko. Horrela, ikasle bakoitzak 60,10 euro jaso ditzake (laguntzak 120,20 eurora iritsi daitezke kasu batzuetan) eta herriko establezimenduetan egindako erosketetarako erabili behar dira.

Ikasle bakoitzeko ezarritako zenbatekoa 60,10 eurokoa den arren, iaz zenbait salbuespen ezarri ziren. Horrela, familia jakin batzuen premia bereziei erantzunez, ikasle bakoitzeko 120,20 euroko laguntza ezarri zen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak jasotzen dituzten familietako umeen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen titularrak diren (2023ko urtarrilaren 31n) edo Elikagaien Bankuaren programaren barruan dauden familietako haurren kasuan.

 

Umeak Eskolara

Baldintza hauek bete behar dira ‘Umeak Eskolara’ laguntzak jasotzeko: 2008ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurrak izan behar dira; eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra bitartean.

 

Dirulaguntza Ikasleei

Programa honen laguntzak jasotzeko, ostera, hauek dira baldintzak: 1998ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak izan behar dira; eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra bitartean. Horrela, dirulaguntza hau rakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak (gutxienez 600 orduko iraupena), master edo doktorego homologatuak (ikasturtearen antzeko iraupena) eta pertsona helduen hezkuntzako (EPA) zentro publiko batean ikasketak egiten ari diren ikasleek jasoko dute.

 

Laguntzak eskatzeko

Dirulaguntza hauen eskaerak Eibar Merkataritza Gune Irekia (ECCA) elkartearen bulegoan aurkeztuko dira, Ego-Gain kaleko 18. zenbakiko beheko solairuan. Bulegoa zabalik egongo da 08:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, irailaren 1etik 15era; irailaren 18tik urriaren 31ra, 09:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 17:30era, astelehenetik ostegunera, eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara.

Eskaera egin ahal izateko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: eskabide-orria beteta; matrikularen egiaztagiria (‘Dirulaguntzak ikasleentzat’ laguntzen kasuan); libretaren edo banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria; eta TicketBAIk Eibarko saltokietan egindako gastuaren fakturak, dirulaguntzaren titularraren izenean irailaren 1etik urriaren 31ra emandakoak, eskuratutako produktuak argi eta zehatz adierazita. Ikaslea adin txikikoa bada, eta kontuaren titulartzat azaltzen dena tutorea edo harrerako pertsona/familia bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

120,20 euroko laguntza eskatzeko, Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak emandako idazki bat ere aurkeztu beharko da, 2023ko urtarrilaren 31n ezarritako baldintzetako bat betetzen dela egiaztatuz (DSBEren onuradunak eta titularrak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak edo Elikagaien Bankuaren programa).