UniEncounter 2025 hasiko da gaur, informatika eta teknologia berrien topagunea
Gaur emango zaio hasiera UniEncounter 2025 ekimenari Hezkuntza Esparruan. Bi eguneko egitaraua prestatu dute (lehiaketak, hitzaldiak, tailerrak, musika-emanaldia…) eta Eibar informatikaren eta teknologia berrien topagune bihurtuko dute 20. aldiz, hamarkada baino gehiago baitaramatzate herria etorkizunera begira jartzen.
UniEncounterrek 20. edizioa beteko du aurten, baina betiko izaerari eusten dio oraindik. Hau da, Uni Eibar-Ermuako informatikaren inguruko zikloetako ikasle eta irakasleek antolatzen duten ekimena da, eta apaltasun eta jakinmin horretatik izen eta ospe handiko egitasmo bat sortzea eta denboran luze irautea lortu dute.
Informatikaren eta telekomunikazioen inguruko erdi-mailako gradu bat, goi-mailako hiru eta beste hiru espezializazio eskaintzen dira Uni Eibar-Ermuan, eta horietako batzuetan ibili izan da eta dabil oraindik ere Ainhize Arrese. UniEncounterren antolakuntzan ere beteranoetako bat da eta berak azaldu dizkigu ekimenaren nondik norakoak.
Benetan antolakuntzari (egitaraua prestatzea, hizlariak aukeratzea eta abar) orain dela hilabete batzuk ekin bazioten ere, eguazten honetan hasi ziren jaialdirako behar dituzten esparruak atontzen. “Denbora gutxi izaten dugu”, diosku Ainhizek, baina, noski, Unian klaseak emateko behar izan dituzte gero ordenagailuz beteko diren gimnasioa eta abarrak. Hori bai, eguazten goizean talde majoa elkartu zen Gorka Guenagaren esanetara gauzak prestatzeko.
Elesky eta LAN party-a
Topaketa gaur 17:30ean inauguratuko da Elesky piano-joleak Unibertsitateko antzokian emango duen doako kontzertuarekin. Asturiaseko ‘streamer’ famatua da Elesky eta pianoan pelikulen eta bideo-jokoen abestiak jotzen egin da ezaguna. Iaz UniEncounterren egon eta oso zapore ona laga ondoren, aurten ere izango dugu bere arteaz gozatzeko aukera. Gainera, bertaratu ezin duenak etxetik ere jarraitu ahal izango ditu Eleskyren kontzertua eta beste hainbat ekintza UniEncounterren Twitch-eko kanalean.
Urte hauetan guztietan UniEncounterraren ikurra LAN Party-a izan da. LAN Party deritzo jolastu eta informazioa elkarbanatu eta elkartrukatzeko ordenagailua daramaten pertsona ugari biltzen dituen jaialdiari. “Jendeak ordenagailua ekartzen du eta nahi duena egin dezake. Etxean egingo zenukeen bezala, baina beste batzuekin toki berean egonez, horrek dakarrenarekin”, azaldu digu Ainhizek.
Uniko gimnasioa atondu dute horretarako eta aurten guztira 30 lagun inguru elkartzea espero dutela esan digute antolatzaileek. Gainera, jaialdia gaur hasi eta bihar amaituko denez, bertan lo egiteko toki bat ere prestatu dute. “Hori bai, batzuk mahaian bertan geratu izan dira lo noizbait”, diosku ikasleak.
Bideo-joko lehiaketak
UniEncounterren ezin dira falta bideo-jokoak, ezta lehiaketak ere. Noski, nor bere ordenagailuan bideo-jokoetan ibili daiteke, baina aurten arkade-makinak ere jarriko dituzte, “ordenagailuan aritzea gustatzen ez zaienentzat”, Ainhizeren berbetan.
Bideo-jokoen lehiaketei dagokienez, League of Legends, EA 25, Valorant, Clash Royale, Fighting Games eta Pokemon Eskarlata jokoen inguruan txapelketak antolatu dira, antolakuntzakoek jarritako arauekin. Adi, 1.500 euro banatuko dituzte-eta sarietan.
Iaz bezala, Drone Soccer zelai bat ere jarriko dute Flybble-re eskutik. Horrela, parte-hartzaile guztiek futbol partida bat jokatu ahal izango dute doan drone bat erabiliz.
Eta hori gutxi balitz, aurten Game Jam izeneko lehiaketa jarri dute martxan. “Gai batzuk emanda, bideo-joko bat sortzea da lehiaketa horren helburua”, azaldu digu Ainhizek.
Hainbat hitzaldi
Alderdi ludikoa albo batera lagata, hainbat hitzaldi eskainiko dira gaur eta bihar Uni-ko kiroldegi inguruan dagoen 016 gelan. Informatikarekin eta teknologiarekin zerikusia duten hitzaldiak izango dira oso gai ezberdinen inguruan, eta adituak etorriko dira horiek azaltzera. Lehena ezik (Uni-ko ikasleei zuzentzen zaielako), beste hitzaldi guztiak publiko guztiarentzat daude irekita.
Gaurkoan, Puntu Eus-eko Josu Arakistainek ‘Unian ikasitakoa, ondoren enpresan’ hitzaldia emango du, Tknika-ko Lara Burgoak ‘Robotika Autonomo Mugikorra’ izeneko solasaldia eskainiko du eta erakunde beretik datorren Ibai Peñak ‘Zibersegurtasuna jende arruntarentzat’ izango du mintzagai.
Bihar beste hiru hitzaldi eskainiko dituzte: Berritzeguneko Olaia Egurrolak ‘Ekosistema Digital Etiko Burujabea sortzen’ izeneko ponentzia emango du, Deustuko Unibertsitateko Pablo Garaizarrek ‘Zenbat falta da makinak pertsonak baino adimentsuagoak izateko?’ galderari erantzungo dio eta, galderekin jarraituz, Cidetec-eko Leire Bercianos eibartarrak ‘Zein da zure moduko kimikari papera mende honetan?’ erantzuten saiatuko da.