UniEncounter 2025 informatika eta teknologia berrien inguruko topaketa aurkeztu dute

Udalaren laguntzarekin Uni Eibar-Ermua ikastetxeak antolatzen duen UniEncounter ekimenaren edizio berria hartuko du Hezkuntza Esparruak otsailaren 28an eta martxoaren 1ean.
UniEncounter 2025 informatika eta teknologia berrien inguruko topaketa aurkeztu dute
2025/02/18 19:50
eta kitto!

Gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan Jon Iraola alkatea, Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotzia, Aitor Zumelaga Uni Eibar-Ermua ikastetxeko zuzendaria, Gorka Guenaga Informatika irakaslea, eta Alesander Robleño digitalizazioan, kirol elektronikoetan eta entretenimendu digitalean espezializatutako aholkularia egon dira. Aurreratu dutenez, UniEncounter burutuko den bi egunetarako “askotariko ekitaldiak antolatu dira, informatikan eta teknologia berrietan interesa dutenentzat”.
Topaketa honetan teknologia berriekin lotutako jardunaldiak egiten dira urtero, eta jada hogei edizio baino gehiago bete ditu ekimenak. Aurten ere, bi egunetan zehar, Eibarko unibertsitate-esparruak izaera dibulgatiboa, teknikoa eta ludikoa duten jarduerak hartuko ditu: “Aurreko urteetan bezala, alderdi ‘serio’ bat izango du topaketak, hitzaldi eta dibulgazio-tailerrekin, eta beste bat ludikoagoa, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta konpetizioak barne hartuko dituena”. 
Aurtengo edizioan iazko jarduera berri batzuk sendotu nahi dituztela adierazi dute eta, aldi berean, formula eta jarduera berriak bilatzen jarraitu: “Aurten, esaterako, Game Jam izeneko jarduera, eta ekintzailetzari eta enpresari eskainitako txokoa antolatu dira. Txoko horrek esparru digitaleko proiektu bat duen edo behar teknologikoak dituen edonorentzat topagune izan nahi du, betiere UniEncounterren eta UNI Eibar-Ermuan kontzentratzen den talentu-profila kontuan hartuta. Ekitaldiak hitzaldi-bloke oso interesgarria izango du, erabiltzaile teknikoagoentzat, eta, aldi berean, jarduera irekiak eta publiko guztientzako egokiak, bai entretenimenduaren esparruan, bai jarduera didaktikoen bidez; jarduera horiek balio dezakete UNI ikastetxea eta Eibar lehen kontaktuaren eszenatoki izan daitezen, teknologia desberdin bezain interesgarriekiko (adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta borroka-robotak) jakin-mina duten guztientzat”.
Topaketa otsailaren 28an (ostirala) inauguratuko da, 17:30ean, Elesky piano-joleak Unibertsitateko antzokian emango duen doako kontzertu batekin. Jarraian, Robotika Autonomo Mugikorraren inguruko saio teoriko-praktiko bat eskainiko da, eta gero Hacking Etikoaren tailer bat. Horrekin batera, enpresen azeleragailu txiki bat egongo da, Game Jam-en hasieran.  Amaitzeko, 21:00etan gaueko ekitaldiak hasiko dira (mahai-jokoak, minijolasen lehiaketak, eta abar).
Hitzaldi teknikoenak larunbatean (martxoak 1) izango dira. Lehena "Ekosistema Digital Etiko eta Burujabea sortzen” izenekoa. Hitzaldi horretan Hezkuntza Sailak Hezkuntzako eraldaketa digitalaren arloan dituen planak azalduko ditu Olaia Egurrolak. Ondoren, Pablo Garaizar Deustuko Unibertsitateko irakasleak “¿Cuánto falta para que las máquinas sean más listas que las personas? Hacia la Inteligencia Artificial General" izeneko hitzaldia emango du.  Amaitzeko, Qué hace un@ químic@ como tú en un siglo como éste? izenburukoa emango du Leire Bercianos Cidetec-eko ikertzaileak.
Horrekin batera, topaketaren alderdirik ludikoena ere zapaturako laga dute. Egun horretan ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak egongo dira. Sekzio horretan era askotariko lehiaketak antolatuko dira, hala nola Counter Strike, League of Legends edo Valorant, Clash Royale joko ospetsuak, eta baita FIFA 25eko kontsola-lehiaketak, mahai-jokoen partidak eta e-sporteko jolasak ere.  
Joko-gune irekiak egongo dira, baita ere: “Aurten Drone Soccer estadio bat izango dugu Flybble-ren eskutik, beraz, parte-hartzaile guztiek futbol partida bat jokatu ahal izango dute doan drone bat erabiliz. Edo, besterik gabe, mahai-joko bateko edo bideojoko bateko partida bat jokatu ahal izango dute horretarako jarriko den guneetako batean”. 
Parte-hartzea doakoa izango da, jarduera guztietan. Ekitaldia digitalki jarraitu ahal izango da, Discord plataformaren eta sare sozialen bidez. Bestetik, UniEncounterreko partidetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, online. Ekimenari buruzko informazio guztia https://uniencounter.uni.eus webgunean kontsultatu daiteke.