UniEncounter ekimenaren edizio berria hartuko du Hezkuntza Esparruak otsailaren 28an eta martxoaren 1ean

Aurtengo berritasunen artean, 'Game Jam' izeneko jarduera eta ekintzailetzari eta enpresari eskainitako txokoa nabarmendu daitezke.
2025/02/19 16:46
eta kitto!

Udalaren laguntzarekin Uni Eibar-Ermua ikastetxeak antolatzen duen UniEncounter ekimena atzo aurkeztu zuten, udaletxean egindako prentsaurrekoan, eta han izan ziren Jon Iraola alkatea, Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotzia, Aitor Zumelaga Uni Eibar-Ermua ikastetxeko zuzendaria, Gorka Guenaga Informatika irakaslea, eta Alesander Robleño digitalizazioan, kirol elektronikoetan eta entretenimendu digitalean espezializatutako aholkularia. Aurreratu dutenez, UniEncounter burutuko den bi egunetarako “askotariko ekitaldiak antolatu dira, informatikan eta teknologia berrietan interesa dutenentzat”.
Parte-hartzea doakoa izango da, jarduera guztietan. Ekitaldia digitalki jarraitu ahal izango da, Discord plataformaren eta sare sozialen bidez. Bestetik, UniEncounterreko partidetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, online. Ekimenari buruzko informazio guztia https://uniencounter.uni.eus webgunean kontsultatu daiteke.