Untzaga Zentroak antolatutako musika topaketa egindo da zapatuan Coliseo antzokian

Untzagako Zentrotik bertako abesbatzak eta Nahaste Music Group kitarra taldeak hartuko dute parte, eta Mutrikutik Anaiarte Euskal Etxeko Abesbatza etorriko da.
Untzaga Zentroak antolatutako musika topaketa egindo da zapatuan Coliseo antzokian
2025/06/17 16:41
eta kitto!

Zapatuan, hilak 21, 12:00etan, urtero Coliseon egiten den musika topaketa ospatuko da, "sanjuanetako jai giroa berotzen joateko asmoz". Bertan izango da Untzaga Zentroko Abesbatza, Lorea Ojangurenen zuzendaritzapean, eta baita NAHASTE MUSIC GROUP zentroko kitarra taldea ere, aurten perkusio elementuen berrikuntzarekin.

Gainera, aurten Mutrikuko Anaiarte Euskal Etxeko Abesbatza etorriko da gurera. Untzago Zentrotik diotenez, "Gabriel Gonzalezek zuzentzen duen koruak maila bikaina du, eta, zalantza barik, euren lanaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Bisita hau joan den hilean Mutrikuko Santa Katalina Komentuan hasi zen abesbatzen arteko truke baten barruan kokatzen da, eta orain mutrikukarrek bisita itzultzen digute".

Maider Aranberrik aurkeztuta, kalitatezko jai giroko kontzertua izango dela aurreratu dute Untzaga Zentrotik, eta eibartar guztiak gonbidatu nahi dituzte. Dagoeneko sarrerak salgai daude, 3 eurotan, Coliseo antzokiko leihatilan, eta Internet bidez ere eros daitezke.