Untzagako dorretxeko fatxada nagusiaren balkoiko arkabuzariaren irudia zaharberrituko dute

Untzagako dorretxeko fatxada nagusiaren balkoiko arkabuzariaren irudia zaharberrituko dute
2023/01/25 16:24
eta kitto!
Urtarrilaren 30ean Orbeatarren Untzagako dorretxeko fatxada nagusiaren balkoia apaintzen duen arkabuzariaren irudia berritzeko lanak hasiko dituzte. Horrela erabaki zuen Ego Ibarra Batzordeak pasa den uztailaren 6an egindako bilkuran eta, hain zuzen ere, estilo platereskoko fatxadaren erdialdean zegoen balkoi nagusiaren eskuinaldeko arkabuzariaren tortsoa eta aurpegia berroneratuko dituzte. Lanak egin ondoren, Armagintzaren Museoan egongo da ikusgai.

Irudiak gainazalaren degradazioa jasan du materialaren meteorizazioak eraginda, eta gune jakin batzuetan ahuleziak, material falta (hausturak) eta marruskadura-markak ditu.

Artemis enpresak egingo ditu zaharberritze lanak eta, lehenik eta behin, pH neutroko tentsioaktiboekin urez garbituko dute elementua, eskuzko beste sistema batzuekin tartekatuko dutelarik mortero-hondarra kentzeko. Pieza ez da udal-lokaletatik kanpo aterako; beraz, lan guztia Udalaren instalazioetan egingo da 2023ko lehen hiruhilekoan.

Ez dituzte berreraikiko irudian falta diren zatiak (sudurra, bibotearen zati bat, bekoki zati bat eta atzamar bat), kontserbaziorako esku-hartze hutsa izanik, elementu horiek ez diotelako eragiten obraren egonkortasunari. “Horrela, duen balioa ematen zaio Eibarko historiaren parte izan zen elementu bati eta, aldi berean, bete egiten da bere sasoian egindako dohaintzaren helburua”, Udaletik diotenez.

 

Orbeatarren jauregia edo Torre Zaharra

Ignacio Zuloagaren koadrorik famatuenetako batean edo Indalezio Ojangurenen hainbat argazkitan ikus daiteke fatxada hori eta, jakina, baita arkabuzaria bera ere, Ego Ibarra Batzordeak zehazten duenez. Orbeatarren jauregia edo Torre Zaharra XV. mendearen amaiera aldean eraiki zen eta 1902. urtean bota.

Zati hori eta beste batzuk Estaziño kalean 1905ean eraikitako zalditegi zaharraren harrizko sarrerako atea egiteko erabili ziren. Ate hori 2014. urtean eraitsi zen eta Mercedes Ayerbe Albizuri andreak eta César Gárate Ayerbe jaunak Udalari eman zioten, ate-zangoak eta ateburua osatzen zituzten beste harri batzuekin batera.

Arkabuzariaren zatiak neurri hauek ditu: 59 cm luze, 32 cm sakon eta 99 cm altu. 250 kilo inguruko pisua du. Gaur egun, Eibarko Udaleko biltegi batean dago gordeta, eta harriaren kontserbazio-egoera hala moduzkoa dela esan daiteke.

image_large

 Zezenketa Untzaga plazan: goian, ezkerraldean, arkabuzaria. Argazkia: Castrillo Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa. Zezenketa Untzaga plazan: goian, ezkerraldean, arkabuzaria. Argazkia: Castrillo Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa.