Untzagako jubiletxea, aro berria indarrarekin hasiz

Herriko jubiletxeak batzen zituen ‘Biztu’ koordinadora laga eta ‘Helduak zabaltzen’ planetik aldendu da
Untzagako jubiletxea, aro berria indarrarekin hasiz
2024/02/16 12:36
eta kitto!

Urte berriarekin aro berria hasi du Untzagako jubiletxeak. Zuzendaritzako karguak berritu dituzte eta orain Sagrario Sanchez da presidentea, presidenteordea Alberto Viteri den bitartean. Jubiletxeak azken urteetako aktibitate zirraragarriari eutsi nahi dio eta hainbat erronka ditu aurretik. Horretarako, euren bidea egitea erabaki dute, herriko jubiletxeak batzen zituen ‘Biztu’ koordinadora laga eta ‘Helduak zabaltzen’ planetik aldenduz.

 

Untzagako jubiletxeak zeresana eman duten erabakiak hartu ditu urte hasiera honetan. Horren inguruan gehiago jakiteko asmoz, Joseba Garcia Untzagako jubiletxeko zuzendariarekin egon gara erakundearen jardunari eta azken erabaki horiei buruz berba egiteko, eta atsegin handiz kontatu dizkigu nondik norakoak.

Untzagakoen erabakietako bat Biztu koordinadora lagatzea izan da. “Udalak bultzatuta, herriko lau jubiletxeak batzen dituen elkartea da Biztu, koordinazioa lantzeko eta harremanak hobetzeko”, Garciaren berbetan. “Urteak pasa dira eta ikusi dugu helburuak ez direla bete eta gure arteko harremanak gero eta okerragoak direla”.

Jubiletxeen arteko harremanen inguruan galdetuta, Garciak zera dio: “Azken urteotan, Untzagakoak zaplastekoak jasotzera joan dira Biztu-ra”, bere ustez. “Erdialdean gaudela, bazkideak kentzen dizkiegula… esaten digute. Erdialdean egoteak etortzeko erraztasuna ematen du, baina kartetan egiteko ez dugu zertan hemen antolatzen ditugun ekintza guztiak antolatu”, diosku bertako zuzendaritzak ekintzak prestatzen egiten duen lan handia azpimarratuz. “Hori da gakoa. 1.800 bazkide ditugu eta kartetan bakarrik egitera etortzen direnak oso gutxi dira. Kopuru horren portzentaia txiki bat, baina hori da gehien ikusten dena eta hori da besteengan geratzen den gure irudia”.

Untzagakoek Plan Estrategikoa jarri zuten martxan 2017an, “eta guk geuk proposatu genuen, nahiz eta ezer ez irabazi, herriko beste zentroak elkartzen joateko, zuzendaritza bakar batekin, baina zentro bakoitzean zuzendaritza tekniko bati eutsiz”, azaldu digu Garciak. “Ba ezta gutxiago ere, ez zuten onartu. Beraz, gure bidetik jarraitzea erabaki genuen”, eta hortik dator Untzagari azken urteotan hazkundea ekarri dion Plan Estrategikoaren norabidea.

 

Pertsona Nagusien Mahaia

Bide propioa hartu arren, beste zentroekin harremana eduki nahi izan dutela dio Garciak eta euren ekintzetan beste egoitzetako lagunak hartzen dituztela, “horrek sortzen duen defizita geure gain hartuz”.

Zentzu horretan, iaz Udalaren aldetik jasotako dirulaguntza kritikatzen du. “10.000 euro jaso genituen jarduerak egiteko eta Beheko Tokiak (Urkizuko jubiletxeak) 9.500 euro. Bakoitzaren bazkide eta jarduera kopurua aintzat hartuz gero, horrek ez du zentzurik”, bere iritziz.

Zuzendariaren berbetan, “Udalak nabaritu du beste jubiletxeak oso egoera txarrean daudela, baina ez dute zergatia aztertu. Gaizki egindako edo egin gabeko gauzak zeintzuk diren aztertu beharra dago”. Orduan, bere iritziz, “gauzak horrela daudela ikusita, zentro guztiak batzea komeni zaie”.

Untzagako jubiletxeak ez du bat egiten proposamen horrekin eta, euren ustez, Pertsona Nagusien Mahaia osatu beharko litzateke, ez bakarrik jubiletxeen gaia lantzeko, baizik eta nagusiei kaltetzen edo kezkatzen dien gai guztien inguruan lan egiteko, pertsona nagusiak kide dituzten beste elkarte batzuekin batera (Altzoa, Pagatxa…). “Ea noiz iristen den. Pertsona Nagusien Mahaiaren arautegia onartu zuten, baina ez dugu fundamenturik ikusten”, Garciaren berbetan. “Horretarako, Udaleko Pertsona Nagusien teknikarien laguntza jaso beharko genuke, eta ez Eibar sentitzen ez duen enpresa batena”, Untzagako jubiletxeak gai honen inguruan igorritako gutun batean azaltzen duenez.

 

Jubiletxeak ulertzeko beste modu bat

Azken aipu horrek Helduak Zabaltzen planarekin lotura du, eta horrela azaldu digu Garciak: “Hasieran, Helduak Zabaltzen plana Untzagak ekarri zuen Eibarrera. Baina zer gertatu da? Jaurlaritzak Matia Fundazioa kontratatu duela plan hori aurrera eramateko eta, Udalera etorri zenean, esan zieten Untzaga bakarrik ez zela sartuko, herriko beste jubiletxeak ere sartu behar zirela. Eta nahasketa horrekin pozik ez bazeuden, Biztu ere sartu zuten tartean”.

Untzagakoen ustez, “interesa egon da, batez ere Udalaren aldetik, Helduak Zabaltzenen atentzioa herri mailako arazora bideratzeko (lau zentrotatik hiru daude gaizki), eta ez duela zerikusirik proiektuaren oinarri originalekin (zentroen digitalizazioa eta modernizazioa, gizarteari eskaintzen zaion irudia aldatuz eta estereotipoak gaindituz)”.

Untzagako jubiletxeak argi du zein den bere ikuspegia: “Jende gazteagoari gauzak eta balioak erakustea hona etor daitezen erakartzeko eta belaunaldi arteko ekintzak egitea”. Izan ere, Garciaren ustez, “jubiletxeak beste modu batean ikusten ditugu eta estrategikoki komeni zaigu jende hori erakartzea, bestela ez dago zereginik, eta kartetan jokatzen, txokolatea jaten eta horrelakoak egiten bakarrik geratuko gara”.

 

Eskaintza zabala

Karta-jokoak badaude Untzagan, edozein egunetako arratsaldean bertara joatea besterik ez dago hori ikusteko, baina Garciak aipatu bezala, hori jubiletxearen ekintzen zati oso txikia da, eta asteko jardueren egitaraua ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Orain dela urte batzuk abiatutako Plan Estrategikoaren ondorio da ekintza-plan hori, eta ordu eta toki jakin batean egiten diren ekintzen egitaraua ikusi besterik ez dago. “Noski, horrek jendea erakartzen du”, Josebaren ustez, “eta, aldi berean, ondo erakusten du gauzak egiten jakin dugula. Hori bai, lan handia eginez”.

Egitaraua aldatzen joaten da erabiltzaileen beharren eta gizarteak eskaintzen dituen aukeren arabera, baina Euskadi mailan puntapuntako eskaintza dute Untzagan. Horretarako, hainbat gela egokitu dituzte jubiletxean eta, horrez gain, ekintza batzuk beste toki batzuetan egiten dituzte. Hala nola, luzaketak Errebal Plazan, perkusioa Musika Eskolan eta Pilates Kaxa gunean.

Hauek dira Untzagako eskaintzaren adibideetako batzuk: dantza, koroa, zumba, Tai Chi, yoga, gitarra, ‘Eman bizitza zure urteei 80 urte bete ondoren’ saioak, irakurketa kluba, puntoa, eskulanak, Burulogy saioak, ingelesa (“Mendilibarrekin Eibar goiko postuetan zegoenean sortu zen ikastaroa, sailkatuz gero Europan zehar arazo gabe mugitzeko asmoz”, dio Garciak bitxikeria bezala), joskintza, poesia, lengoaia, matematikak eta informatika. “Gauza gehiago daude jartzeko. Adibidez, xakea. Deporrekoekin adostuta dugu, baina noiz eta non egin zehaztu behar dugu”, azaldu digu zuzendariak. Era berean, lehen sorospenen ikastaroa jarriko dute, eta billar bat erosi dute klaseak emateko. “Gainera, Gipuzkoako jubiletxeen arteko billar txapelketa bultzatu nahi dugu.

Aipatutakoez gain, ekintza bereziak egiten dituzte urtean zehar. Bertan egon ginenean, adibidez, martitzen aratostea zenez, jai berezia zuten antolatuta. Eta beste ekintza izar bat moda desfilea da. “Ez dakit nola gaindituko dugun iazkoa. ETB etorri zen eta zuzeneko konexioak egin zituen! Gainera, Lorea Urkia Miss Grand Euskadi egon zen gurekin eta horrelako ekintzak ondo daude belaunaldi arteko integrazio hori lortzeko”, Garciak dioenez.

Hori gutxi balitz, pertsona nagusi askori gauza asko egiteko erraztasunak ematen dien ‘Bentania’ zabaldu zuten iaz eraikinaren beheko pisuan. Pertsona nagusi askok jasaten duten arrakala digitalaren aurka egiten duen zerbitzua da eta oso harrera ona izan du.