Urtzi Abantzabalegi gogoratzeko eta omentzeko eguna antolatu dute

Ekainaren 2an, Unben, hainbat ekintza egingo dituzte errugbia ardatz izango den egunean
2024/05/24 10:05
eta kitto!

Urrian laga gintuen Urtzi Abantzabalegik. Bat-batean joan zen eta bere galerak eragindako hutsunea bete ezinik gaude oraindik. Ekainaren 2an, domekan, bera gogoratzeko eta omentzeko egun berezia prestatu dute Eibar Rugby Taldeko lagunek, Urtzi Eguna, eta bertara gonbidatu nahi dute gure herriko errugbiari hainbeste eman dion Urtziri gorazarre egin nahi dion edonor.

 

Urtzirekin hainbeste ordu pasa zituzten Jon Egiguren eta Unax Blanco ditugu gurean eta bere omenez prestatu duten egun bereziaren nondik norakoak kontatu dizkigute. Argi laga nahi izan dute, Urtzi Egunaren ardatzean errugbia egon arren, edonork hartu dezakeela parte bertan eta ekitaldi irekia dela. “Edonor dago gonbidatuta bertan parte-hartzera”, dio Unaxek.

Urtzi Egunaren antolatzaileek diote asko kostatu zaiela ekimena prestatzea, oraindik ere Urtzi oso presente dutelako. “Urtzi joan egin dela onartzea ere asko kostatzen zaigu oraindik”, aitortu digu bikoteak. “Oso kolpe gogorra izan zen. Ez bakarrik errugbiaren munduarentzat, baizik eta lagunentzat, Eibarrentzat eta baita Euskadiko errugbiarentzat ere”, Unaxen berbetan. “Gauzak horrela, erreakzionatzea asko kostatu zaigu”.

Argi zuten Urtzirengatik zerbait egin behar zutela, baina ez zekiten nola edo zer egin. Eta orain, kostata izan bada ere, maitasun handiz prestatu dute ekainaren 2ko egitaraua eta ekimen polita izatea gustatuko litzaieke.

Urtzi ondo ezagututa, “bera zen moduko eguna prestatu dugu, zerbait oso normala”, diosku Jonek. “Urtzik errugbia maite zuen, eta garagardoa edaten lagunekin eta familiarekin solasaldian egotea. Beraz, hori ardatz izanda prestatu dugu egitaraua”, azaldu digu Unaxek. “Oso hunkigarria izango da, eta barre eta negar egingo dugu. Momentuan tokatzen dena”.

 

Ekainaren 2ko egitaraua

Urtzi Eguna Unben egingo da, Urtzik hainbeste ordu pasa zituen tokian. 11:00etan emango zaio hasiera egitarauari beteranoen partiduarekin. Bertan Eibar Rugby Team eta Urtziren lagunak arituko dira nor baino nor eta, egunaren izaera irekiaren erakusle, “aurretik errugbian egin ala ez, edonork joka dezake partidua, nahi izanez gero”, esan digu Unaxek.

Beteranoen ostean, “partidu serioagoa” jokatuko da, Unaxen berbetan. Izan ere, Barbarians Urtzi eta Euskadiko Errugbi Selekzio Ofiziala izango dira berdegunean, 12:30etik aurrera. Iñigo Imaz Euskadiko hautatzaileak orain dela egun gutxi eman zuen deialdia eta Eibar Rugby Taldeko hiru jokalari ikusi ditzakegu bertan: Ander Gallego, Kepa Zamakola eta Pablo Gimenez. Gainera, herriko zaleei ezagunak egingo zaizkien beste jokalari batzuk egongo dira, tartean gaur egun Hernanin jokatzen duen Jokin Garcia eibartarra.

Seniorren partiduaren ondoren, nola ez, hirugarren denbora iritsiko da, 14:30 inguruan. Normalean, errugbian, partiduen ondoren bi ekipoak tabernan batzen dira eta neurketaz, bizitzaz eta beste kontuez jarduten dute. “Kasu honetan, hirugarren denbora errugbi zelaian egingo dugu”, azaldu digu Unaxek. Bertan DJ batek musika jarriko du, eta jatekoa eta garagardoa ez dira faltako. “Urtziri gustatzen zitzaion bezala”, Jonek esan digunez. Gainera, Unaxek azpimarratzen du ekintza hau ere irekia dela, ez dela errugbi partidua jokatzen dutenentzat bakarrik izango: “Hirugarren denborara bakarrik joan nahi izanez gero, ez dago arazorik. Izan ere, omenaldiaren zati garrantzitsuenetako bat izango da”.

 

Erreferentea errugbilari eta pertsona bezala

Jon Egiguren Eibar Rugby Taldeko presidentea izan da urte askoan eta Unax Blancok urteak eman ditu  Urtzirekin errugbian jokatzen. Urtzi oso gertuko zuten eta oraindik ere zaila egiten zaie bere inguruan berba egitea. Noski, oroitzapen ugari datorkizkie burura. “Txikitatik ezagutzen dut, taldeko presidentea nintzen Eibartik kanpo jokatzera joan zenean”, gogoratzen du Jonek. “14-15 urte zituen errugbian hasi zenean. Lehenengo entrenamenduan, Unibertsitate Laboralean, gazte ‘pasota’ bat ikusi genuen. Korrika egitera joan ginen eta, presara bidean, Eitzagako iturrian buelta eman zuen. Paso egiten zuen. Eta gero ikusten duzu zer bihurtu zen, ba pentsa. Izan ere, Urtzi erreferentea da herriko errugbiarentzat jokalari zein pertsona bezala. Internazionala izan da, Ordizian, Getxon eta Hendaian jokatu zuen… Gainera, Eibar asko sentitzen zuen, eta Eibar eta Eibar Rugby Taldea toki guztietara eramaten zuen”.

Eta zera gehitzen du: “Urtzik lagatako hutsunea asko igartzn dut. Eibar Rugby Taldean badago laga gaituen jendea, jende maitagarria, baina orain Urtzi falta da”.

Unaxentzat lagun mina zen eta “oso gogorra” egin zaio Urtziren heriotza. “Oraindik hunkitu egiten naiz pentsatzearekin bakarrik”, diosku atsekabez. “Horregatik, omenaldi hau egitea beharrezkoa egiten zaigu, behar dugu dolu hori pasatzea. Beste pauso bat ematea. Era berean, egun polita izango dela pentsatzen dut”. Taldekide bezala egindako urteak gogoratuz, Unaxek zera dio: “Errugbia GKE bat bezala izan zen guretzat. Beste kirol batzuetatik errebotatuta iritsi ginen bertara eta, erdi brometan hasi baginen ere, Urtzi segituan nabarmendu zen. Bere kirola aurkitu zuen. Errugbian taldea behar duzu, bakarrik ez duzu ezer egiten, eskuzabala izan behar zara, indarra behar duzu… Urtzi bikain egokitu zen horretara”, bere iritziz.

 

Presentzia zabala

Urtziren heriotzak Euskal Herriko bihotz asko hunkitu zituen. “Ordizia da horren adibide”, esan digu Unaxek. “Punta-puntako taldea da Ordizia eta bertan jende guztiak ezagutzen du Urtzi. Eurentzat ere oso kolpe gogorra izan zen. Berarekin jokatu zuen jendeak oso sakon sentitu du bere galera”.

Urtzi ezagutu duen jende askok lagundu eta parte hartu nahi izan du ekainaren 2ko ekitaldian, antolatzaileek esan digutenez. “Gero, datagatik batzuek ahal izango dute eta beste batzuek ez. Baina horren harira, Urtzirekin izandako solasaldi bat gogoratzen dut. Izan ere, iaz Garagardo Festaren antolaketan ibili zen eta esaten zidan ea nork lortuko zuen Errebal Plaza betetzea. Hil zenean, agurra Errebalen eman genion eta zera aipatu nuen bertan: berak bete zuela Errebal. Hor ikusi zen Urtzi zein zen, batez ere pertsona moduan: laguna, langilea eta hainbat gauzatan parte hartzeko prest zegoen mutila”, diosku Jonek.

Orain, errugbia ardatz, lagun handia gogoratzeko eta omentzeko egun berezia izango dute ekainaren 2an eta, gauzak ondo, urteroko egutegian zehaztu nahiko lukete Urtzi Eguna. Ez adiorik, Urtzi.