VANESSA ATECA: “Iraunkortasuna eta irmotasuna ezinbestekoak dira ogibidean garatzeko”
-New Yorkeko Coliseum Tattoo Expo 2012an hartuko duzu parte. Nola sortu zaizu han egoteko aukera?
New Yorkeko House Adiction Tattoo estudioan egiten dut lan eta euren ordezkari bezala joango naiz Coliseum Tattoo Expora. Han nire estiloko tatuajeak egingo ditut, hau da, erretratuak eta maori estilokoak.
-Nola zaude zita horren aurrean?
Egia esan nahiko gogorra izan da dena. Hiru hilabetez marrazten aritu naiz, eten barik, egiten dakidan guztia erakusteko. Azkenean, eurekin parte hartzeko aukeratu ninduten.
-Zertan diharduzu New Yorken?
Esan bezala, tatuaje estudio batean nabil lanean eta han tatuatzen dudan guztia nire diseinu propioa da ‘free hand’ eran. Lanean gogor ibili naiz nire diseinuak erakustaldi horretan aurkeztu ahal izateko eta horiek tatuatuko ditut han. Aurreratu dezaket egiten dihardudan tatuaje batek Penelope Cruz-en aurpegia daramala garezur mexikar batekin nahastuta, Titanium Ink estilokoa dena.
-New Yorken zaude, baina zure Eibarko Titanium Ink Tattoo estudioa martxan dago, ezta?
Bai, hala da. Hiru hilabete gogor daramatzat hemen Titanium Ink Tattooko lana albo batera lagata, nahiz eta zabalik jarraitzen duen hala ere. Horrela egin dut, New Yorkeko erakustaldi hontan tatuatzeko aukeran buru-belarri lanean nabilelako, bizitzako aukera handia baita. Lagun eta familiaren laguntzari esker hemen egotea eramangarriagoa egin zait. Pentsatzen dut ahaleginek bere fruitua ematen dutela azkenean eta hemen dago emaitza. Esperientzia hau bizitzea zoragarria da eta artista bezala neure burua gehiago baloratzeko balio izan dit.
-Margolaritzari ere denbora eskaintzen diozu. Tatuajea eta margolaritza osatu egiten dira?
Margolaritza eta tatuatzea modu paraleloan eraman ditut. Margolaritzari dagokionean, datorren urtera begira aukera eta proiektuak daude New Yorken. Artista bat garatu egin behar dela pentsatzen dut eta ezin ditu bizitzan zehar irtetzen zaizkion aukerak ukatu, nahiz eta nire kasuan hemen egoteko esfortzua handia izan den. Txikitatik daramat margotu eta marrazten, eta orain dela 11 urte hasi nintzen tatuajeen munduan. Beraz, pentsatzen dut iraunkortasuna eta irmotasuna ezinbestekoak direla ogibide batean garatu ahal izateko.