Vanessa Atecaren 'Material Emocional' erakusketa zabalduko dute zapatuan Portalean

Artista eibartarrak bere ibilbide artistikoaren bilakaera erakutsiko du, erretratuetatik pintura abstraktuago eta pop artearen eraginak dituen bateraino.
Vanessa Atecaren 'Material Emocional' erakusketa zabalduko dute zapatuan Portalean
2026/10/28 12:41
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Vanessa Ateca artista eibartarraren 'Material Emocional' erakusketa zabalduko dute zapatuan, urriaren 31n, Portalean. Azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai. Erakusketak artistaren bilakaera erakusten du: erretratuak margotzetik pintura abstraktuago eta askeago bat lantzera egindako bidea.

Barne-diseinatzaile gisa trebatu da Vanessa Ateca, eta hormen eta espazio egituratuen muga fisiko eta sinbolikoetatik harago joateko nahiak bultzatu du bilaketa artistikoari ekitera. Urte luzez, pintura figuratiboa landu du, bereziki erretratua, abstrakziora hurbildu aurretik. Ibilbide horretan, begirada garaikide eta abangoardista garatu du, apaindu beharreko espazioetara ere egokitua.

Gaur egun, Atecaren pinturak figuratiboaren eta abstraktuaren arteko mugan egiten du aurrera, bi adierazpideen arteko tentsioarekin jolastuz eta pop artearen erreferentziak txertatuz. Bilakaera horrek nortasun artistiko propioa aurkitzeko prozesua islatzen du. Erakusketaren izenburuak, Material Emocional lanak, Atecaren obren alderdi adierazkor eta pertsonalari egiten dio erreferentzia.

Erakusketa Portalean bisitatu ahal izango da, martitzenetik domekara, 18:30etik 20:30era.