Vicente Iriondo, margolaria: “Pinturarekin beti lagunduta sentitzen da bat”
- Zenbat urte margotzen hasi zinela? Asko aldatu zara, estilo ezberdinak landu dituzu?
Bizi guztia, 17 urterekin hasi bainintzen. Urte guzti horietan aldaketak izan dira; baina, estiloak ez du garrantzirik horretan, gehiago dute erabilitako teknikak eta materialak. Azken bi urteetan gehiago erreparatu diot ideia orokor bati, egiturak aztertzeari: bideek edo zuhaitzek dituzten egiturak, eskaintzen dizkiguten marrak, jarraikortasunezko lerroak... Hori nahi izan dut lortu pintura eta koloreak nahastuta.
- Zelako lanak erakutsiko dituzu Topalekuan?
Aipatutako testuinguruan murgilduko diren koadroak izango dira, koloreak eta marrak gidari izango dituztenak. Hiru-lau koadro errealista izango ditut... Azken aldian gauza sinpleen alde egin dut nabarmen eta pigmentoak eta arrautzak erabiltzen ditut batez ere, akuarela asko. Orain bertan Debara noa, olatuak zelan osatzen diren erreparatzera.
- Matematikak ere integratzen dituzu zure lanetan?
Matematikak gustoko ditut, baita proportzioen edo ekuazioen mundu hori. Guztiak, dena dela, naturarekin du zerikusia, ikusitako hori deskribatzeko matematikak baliagarri izan badaitezke ere. Gutako bakoitzak hainbat talentu ditu; meriturik, gutako inork ere ez. Hori egokitu zaigu. Pinturarekin, gainera, beti lagunduta egoten naiz/gara: edozein detaileri so, adi.
- Zein teknika erabiltzen dituzu zure lanetan?
Normalean, denetarik: tenplea, arrautza, pigmentoak, akuarelak... Oso gustokoa dut marrazkia. Oleoa, alderantziz, ez dut erabiltzen: disolbatzaile larregi nire gustorako. Baina teknikak ez du garrantzirik.
- Saltzeko asmorik baduzu? Eibarren apreziatzen ditugu erakusketok edo mundu nahiko itxia da?
Normalean ez dut askorik saltzen. Baina, jendea interesatuta badago, adostasunera iritsiko gara. Ikustera ere betiko jendea etorriko delakoan nago. Lehen beste kultura bat zegoen, erakusketa gehiagorekin: Kutxako aretoan, Udaletxean... Portalera ere gutxik dute ohitura joateko, eta erakusketa bikainak ekartzen dituzte.
- Bereziki gustatzen zaizun artistarik?
Mordoa; inguruko gehienak, esaterako. Murtziako Pedro Cano esaten badizut, esaterako, errespetua zor diedan beste asko kanpoan lagako nituzke.