Walter Tuzzeo, eibartarron gogoan betiko
Walter Tuzzeok herrian eta musikariengan laga duen hutsunea ikaragarria da, eman duena asko izan delako. Horrela, hilaren 28an, zapatuan, Sizilian jaiotako soinu-teknikari eta musikari eibartarra omenduko dute Untzagan. Horretarako, 18:30ean hasita, berarekin harremana izan zuten hainbat eta hainbat musikarik saio berezia eskainiko dute maisu handia gogoratzeko.
Jarraian, berarekin lotura izan duten hainbat musikariren berbak jasoko ditugu Walter Tuzzeo gogoratuz, eta bideoan omenaldian parte hartuko duten lagun batzuekin izandako elkarrizketa jaso dugu.
Jakin-minak lotuta
We Are Apes, Hello! taldeko kideek honako hitzak eskaintzen dizkiote: “WAAH! eta Walterren arteko historia taldea sortu baino urte batzuk lehenago hasi zen. 2014an Orihen Legarreko estudioan sartu zen abesti bat grabatzeko, Walterrek eta Javik ekoiztuta. Harreman profesionalaz haratago, urte batzuk geroago fruituak emango zituen laguntasuna hasi zen orduan. 2016an WAAH!-k Walterrengana jo zuten euren lehen laneko ahotsak grabatzeko. Ekoizpenaren, musika-grabaketaren, elektronikaren eta tresnen konponketaren inguruko jakin-minak elkartu gaitu beti”.
Beti jator eta musikarako prest
Azkaiter Pelox taldearen hitzak: “Walter Tuzzeo, Aitor Aranbururen (bateria-jolea) bitartez ezagutu genuen. Azkaiter Peloxen baxua jotzen hasi zen eta Bergaratik Eibarko Legarreko entsegu lokaletara poz-pozik joaten ginen Walterren azentu italiarrarekin entseatzera. Bitxia zen Walterrek baxua anplifikatzeko zuen modua: ez zuen baxuaren anplifikatzailerik erabiltzen eta bafle baten konektatzen zuen ‘previo’ batekin. Beti jator eta musikarako prest. Sasoi hartan mimo handiz grabatzen ari zen karibear musika talde bat aurkeztu zigun. Gurekin entseguak eta kontzertuak ere partekatu ditu. Estudioko teknikari lanez gain, zuzeneko teknikari moduan lanean kointziditu genuen geroago. Oso harreman polita egin genuen, eta bere baikortasuna eta prestutasuna azpimarratuko genituzke”.
Zekien guztia ezin erakutsi
Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-k horrela oroitzen du Walter: “Walterren eskuzabaltasuna azpimarratuko nuke. Niri, adibidez, softwarearekin asko lagundu zidan. Musika asko maite zuen. Dokumental bat egin nuen berarekin, baina (Eibarren) ez zuen aukerarik izan berak zekien guztia erakusteko. Oso teknikari ona zen, baina Italian ikus-entzunezkoetan lan asko egin zuen eta hemen ez zuen lan hori egiteko aukerarik eduki. Pena da. Azkenean, beste herrialde batetatik zatoz eta zaila da zure bidea egitea”.
Bosgarren elementua
Eirband taldeko Jonen berbak: “Guretzat Walter gauza asko zen: laguna, familia (nire lehengusina Bearen senarra zen eta "primo" esaten genion elkarri), baita bidai-laguna ere, besteak beste.
Eirband taldea Bea eta Walterren ezkontzaren ondorioz jaio zen; horregatik beti esan dugu taldeko hazia beraiek jarri zutela. Han ezagutu genuen elkar Iñakik (bateria eta Walterren lagun-mina) eta nik, Jonek (ahotsa eta gitarra), biok musika egiteko gogoaz ginela. Victor (teklatua) eta Iñaki Sevilla ‘Sevi’ (ahotsa eta baxua), gutako bakoitzaren lagunak, hurrenez hurren, abisatu genituen Eirband bertsio-taldea konfiguratzeko (Eibar eta band berbekin egindako hitz joko bat).
Taldea sortu zenetik Walter beti egon izan da gurekin: ekarpenak egiten, irakasten, gainbegiratzen, probak eta grabaketak egiten, eta, nola ez, soinu mahaiaren arduradun moduan; azken hori, lasaitasun, konfiantza eta segurtasun handiena ematen duen benetako koltxoia izan da guretzat, eta, batez ere, benetako luxua. Walter, beraz, Eirbanden parte zen; bosgarren elementua esaten genion. Baina esan bezala, Walter, gure soinu teknikari, lagun eta familia izateaz gain, bidaia-laguna izan zen. Beraren iruzkin txiki batek ere, guretzako, ikastea eta aurreratzea zekarren, eta bere aholkuak beti egongo dira gurekin, eta ondo presente gainera. Musikak Eirband Walter-ekin lotu zuen betirako, baina bere izateko moduak hobeak izaten lagundu zigun (aspektu guztietan)”.
Soinuaren ezagutza eta pasioa
David Carballo ‘Karba’-ren hitz sentikorrak Walterrentzat: “W.-k 1.000 urtetan ikusiko ez zenituen edo aintzat hartzen ez zenituen gauzak detektatzen zituen. Izan ere, berak zuen soinuaren ezagutza eta soinuarekiko pasioa pauso bat haratago zihoan. Inoiz ezagutu dudan profesional handienetakoa”.
Fitxaketarik onena
Euren kide ohiarentzat berbak The Vartools taldearen eskutik: “Walter... gure Walter. Gure lehen diskoa grabatzera bere Legarreko estudioan sartu ginenean, bat-bateko maitemina sentitu genuen. Berak besoak zabal-zabalik hartu gintuen eta guk ez genuen askatu nahi. Guregan konfiantza handia zuen eta pila bat lagundu zigun gure soinua aurkitzen eta hobetzen, eta taldekide izatea eskaini genion. Fitxaketarik onena, duda gabe. Eta ordutik aurrera gure bidelaguna izan da, soinu-teknikari bezala, piano jole bezala eta denok gure buruan dugun gizaseme aparta bezala. Alaia, dotorea eta taldean ukitu exotikoa ematen zuena. Horrenbeste bidaia eta kontzertutan momentu bikainak eskaini zizkigun, gaur ahaztezinak direnak. Asko sor diogu Siziliako seme honi, eta bidelagun izaten jarraituko du. Beti. Legarreko lokaleko entseguetan beti gaude bera eta bere trastoak atetik noiz sartuko zain. Eskerrik asko horrenbestegatik, lagun!”.
Soinuaren frikia
Judash (lehen, Judas Argarate) taldeko lagunek pasarte ugari izan dituzte Walterrekin eta horrela kontatu dizkigu Markel Iraolak: “Soinuaren frikia zen. Behin, Joseba grabaketa-gelan zegoen eta ni kanpoan. ‘Zer da zarata hori?’, hasi zen Walter esaten. Josebaren sudaderaren kremailerak mahaia pixka bat ukitzen zuenean egiten zuen zarata zen. Pentsa! Kafetera desmuntatzeko kapaz zen horrek zarata txikiena ere egiten bazuen. Entzumen oso fina zuen! Gero, beste barre batzuk bota genituen bere akufenoekin, hau da, belarrietako soinu iraunkorrekin. Kabroiak neurtuta zeukan entzuten zuen soinua zenbat hertziokoa zen. Horretarako, beste hertzio kopuru horretako soinua jarri zuen, neurtzeko, eta bete-betean asmatu zuen. Bestetik, berba asko egiten zuen. Musikaz asko zekien eta, grabatzera joaten ginenean, grabaketa-gelan sartu eta bi ordu pasatzen ziren. ‘Eh, Walter, bi ordu dira eta ez dugu grabatu’, esaten genion, eta berak: ‘Lasai, ordu hauek ez dizkizuet kobratuko’. Ariketa fisikoa egin behar zuela ere esaten zigun, baina ibiltzera joaten zenean batekin edo bestearekin elkartzen zela eta berba egiten geratzen zela, eta azkenean ez zuela ezer egiten. Demaseko tipoa zen”.
Walter badago, dena ondo irtengo da
Eibarko Koro Gaztekoen berbak: “Legarreko grabaketa-estudioari buelta eman zion Siziliako soinu-ingeniari baten inguruan hitz egin ziguten. Ezagutu bezain laster berarekin konektatu genuen. Den-dena ondo kontrolatuta egongo zenaren segurtasuna eman zigun. Eta horrela izan zen kontzertu, grabaketa eta kontzertu aurretiko hizketaldi bakoitzean. Ikuskizun bat geneukan bakoitzean bera egongo zela jakiten genuen momentuan, ondo genekien eskurik onenetan geundela: “Walter badago, dena ondo irtengo da”.
Walter maitea, gure ibilbideko gertaera garrantzitsu askotan lagundu zenigun. ‘Forjarien Kanta’ musikala, ‘EKG hamar urte’, Txantxa Zelaiko pandemia ostekoa eta Musika Eskolako hainbat kontzertu. Zurekin egin genuen azken lana ‘Neguko Ahotsak’ izan zen, non ordu askoko lana eskaini zenion eta gurekin diskoa erditzearen mina sufritu zenuen.
Eta beti hunkitzen gintuen bikaintasun eta profesionaltasunarekin. Zorion momentuak eta une txarrak partekatu genituen lagun eta gertuko profesional baten tratua eskaini zenigun.
Zer egingo dugu zu barik? Eibarko Koro Gaztea umezurtz gelditu da. Walter, gure historiaren parte zara eta horregatik gurekin eramango zaitugu beti”.
OK, brava!
Mirari eta Aintzane trikitilarien hitzak: “Guk Legarren irudikatuko dogu beti Walter, bere aparato guztien aurrian, umoretsu. Eta kristal atzetik atzamar lodixakin OK egitten edo "brava!" esaten, irribarrez. Eta inoiz ez dittugu ahaztuko berak emondako aholku guztiak, berakin berriketan pasautako orduak eta batez be beran eskuzabaltasuna”.
Profesional mundiala
Ustekabekoen berbak: “Gutako batzuek esperientzia gehiago izan dituzte Walterrekin, baina txaranga osoa bi aldiz aritu da Walterrekin lanean. Lehen aldiz, Legarreko estudioan, EH Sukarra grabatu genuen. Bere gaitasuna ezagututa, Eibarko Kantak diskoa grabatzea erabaki genuenean argi ikusi genuen Legarreko estudioa txikiegia zela guretzat, baina ez genion uko egin nahi Walterren ezagutzari eta lanerako gaitasunari, eta berarekin batera, Coliseo Antzokia grabaketa-estudio handi bilakatu genuen. Astebete pasa genuen bazkalostetik ia-ia gauerdira arte hor sartuta, eta izugarria izan zen berarekin lan egitea. Bera hobeto ezagutzeko aukera izan genuen hor txarangako guztiok. Guk grabaketarekin bukatu eta gero, berak gogor lan egin zuen, ordu asko sartuz, grabatutakoari ahalik eta zuku onena ateratzeko. Eta baita lortu ere. Bere lana eta konpromisoa ez dago ordaintzerik. Profesional mundiala, bazekien denbora luzez isilik pazientziaz egoten; pertsona bikaina, hitz gutxirekin lortzen zuen guztion sinpatia”.