Winfred Yavi eta Berihu Arewagi nagusitu ziren Juan Mugerza Nazioarteko Krosean

Julen Teran eta Pello Berrizbeitia eibartarrak 24. eta 2. postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren
Winfred Yavi eta Berihu Arewagi nagusitu ziren Juan Mugerza Nazioarteko Krosean
Winfred Yavi gailendu zen Juan Mugerza Nazioarteko Kroseko emakumezkoen proban. | Arnaitz Rubio
2026/01/19 10:04
Ekhi Belar Errasti

Jendetza elkartu zen atzo, urtarrilak 18, Elgoibarko Mintxeta zelaiaren inguruan LXXXII. Juan Mugerza Nazioarteko Krosaz gozatzeko. Kros munduko izar nagusienetako batzuk zuzenean ikusteko aukera egon zen eta giro hotz eta umelari aurre egin zion publikoak, ikuskizun handiaz disfrutatuz.

Goizean goizetik gazteen hainbat proba jokatu ziren eta eguerdian iritsi ziren maila absolutuko probak, faboritoak gailendu zirelarik. Emakumezkoen kategorian Bahreineko Winfred Yavi izan zen irabazlea. Yavik urrezko dominak eskuratu zituen 3.000 m oztopoetan 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan eta 2023ko Munduko Txapelketan. Atzokoa izan zen Elgoibarren lortzen duen lehen txapela eta aise lortu zuen gainera, minututik gorako aldea atera baitzion Sheila Jebet kenyarrari. Tunisiako Marwa Bouzayani izan zen hirugarren.

Gizonezkoen proban Berihu Aregawi etiopiarra izan zen garaile. Parisko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina lortu zuen 10.000 m-ko proban eta Munduko Krosa Txapelketan azpitxapeldun izan da 2023, 2024 eta 2025an. Elgoibarren, ostera, hiru txapel lortu ditu jarraian.

Ez zen garaipen erraza izan Arewagirentzat, zazpi segundora sartu baitzen helmugan Saymon Amanuel eritrearra. Hirugarren Said Mechaal espainiarra izan zen.

 

Ordezkari eibartarrak

Eibarko hainbat atletek hartu zuten parte Elgoibarko proban eta emaitza esanguratsuak lortu zituzten batzuek. Esate baterako, Eibarko Klub Deportiboko Julen Teran 24. izan zen helmugan (33:21) eta Beharri Kirol Klubarekin lehiatu zen Pello Berrizbeitia atzetik sartu zen, 25. postuan (33:28).

Gizonezkoen maila absolutuan Deporreko beste atleta batzuk aritu ziren atzokoan. Mikel Arriola 45. izan zen (35:52), Eneko Fernandez 49. (36:20) eta Pablo Zabala 72. (38:55).

20 urtez azpikoen proban, Ugaitz Gartzia 14. sailkatu zen (19:00) Rory Barclay-Wattek irabazi zuen lasterketan (17:42).

12 urtez azpikoetan, bestalde, Deporreko Atletismo Eskolako lau atleta lehiatu ziren: Isabel Pita Lozano (6:07), Jule Auzmendi Marquez (6:09), Maddi Obanos Larreategi (6:28) eta Luke Litago Lasuen (6:35).

Atletismo Eskola-ko alebinak Muguerza Krosean.