Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal txapeldun Plazatik Gaztetxera txapelketan
Aurreko zapatuan jokatu zen Plazatik Gaztetxera txapelketako finala Eibarko gaztetxean. Bazkaritarako zeuden 200 tokiak bete egin ziren eta gerturatutako lagunek giro ederrean eman zuten bazkaria zein bazkalostea. Kanporaketak jokatu ostean, honako bikoteak ailegatu ziren aurreko asteburuko finalera: Peru Vidal eta Imanol Uria, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia, Eneko Beretxinaga eta Mikel Olaizola eta Maddi Sarasua eta Aimar Karrika. Finala, berriz, zati bitan jokatu zen: lehendabizikoan 8ko handian eta txikian ofiziotan, puntu banari erantzunez, amaiera emanda bertso bana osatuz, kopletan binaka eta bakarkako gaiari bina bertso botaz jardun behar izan zuten bertsolariek. Jarraian, antolatzaileek paper batzuk banatu zituzten publikoaren artean gustuko bikotea hauta zezaten. Epaileek Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia aukeratu zituzten buruz burukora pasatzeko eta publikoak, berriz, Eneko Beretxinaga eta Mikel Olaizola. Bi bikote hauen artean erabaki zen txapela eta, azkenean, epaileek aukeratutako bikoteak jantzi zuen txapela.