Xabi Martin: “Stai Zittori agur esateko momentu aproposa dela pentsatzen dugu, lagun bezala”
Ermuan jaio baina Eibarren bizi den Xabier Martinek 16 urte besterik ez zituen Stai Zittok bere bidea hasi zuenean. Esan daiteke, beraz, taldearen barruan heldu dela eta orain agur esateko ordua iritsi da. Malkoei eutsiko dion zalantzak ditu Martinek, baina gogotsu dago biharko saioaren aurrean.
Nolako giroa bizi da taldean biharko kontzertuaren aurretik?
Pixka bat urduri gaude. Egia esateko, taldearen azken kontzertua izango da eta, 10 urteren ondoren, alde batetik pixka bat tristea da, baina bestetik poza sentitzen dugu jende aurrean prestatu duguna eskaintzeko eta kontzertua emateko aukera dugulako. Gainera, uste dugu jendeak horrelako zerbait behar duela. Izan ere, COVID-a tarteko, orain dela lau urte inguru ez dugu zuzenekorik jo. Beraz, gogotsu gaude, baina triste aldi berean.
Zergatik hartu duzue Stai Zittoren jarduna amaitzeko erabakia?
Bederatzi lagunek osatzen dugu taldea, asko gara, gero eta nagusiagoak, eta bakoitzak bere bizitza du orain (lana, bidaiak...). Azkenean, ikusi dugu hobe dela momentu onean lagatzea, lagunak bezala. Eta, gainera, biharko kontzertuarekin bada, askoz hobeto. Bakoitzak bere bidea egiten jarraituko du orain, taldekideok beste proiektu batzuetan baikabiltza. Beraz, Stai Zittori agur esateko momentu aproposa dela pentsatu dugu.
Momentu ona dela aipatu duzu eta, hain zuzen ere, martxoaren amaieran azken abestia aurkeztu zenuten ‘Errua’ izenburuarekin. Agur esateko abestia da?
Abestia hor geneukan eta ezin zen errekamaran gelditu, kaleratu egin behar genuen. Gainera, gure iritziz, egin dugun abestirik onena da agian. Oso polita da eta egoera honetaz egiten du berba hain zuzen ere. Hau da, erruaz, doluaz.
Errua sentitzen duzue taldea lagatzeagatik?
Ez. Bizitzak alde eta bide asko ditu eta bakoitza bere bidetik joan behar da. Hori zuretzat ona bada, hortik jarraitu beharko duzu. Poztasuna eta tristura alde berean daude, eta horregatik esaten dugu hori.
Beraz, abesti hau zuzenean entzuteko aukera bakarra izango da biharko kontzertua, ezta?
Aurrekoan hori bera pentsatu genuen entseatzen genuen bitartean: “Bat eta azkena”. Alde batetik, pena ematen digu abestia gehiago ez esplotatzea edo jendeak entzuteko aukera gehiago ez edukitzea, baina tira, polita izango da biharkoan entzuteko aukera izango dutenentzat.
Hamar urte atzera eginez gero, nola gogoratzen dituzu Stai Zittoren hasierako momentu horiek?
Sasoi horretan 16 urte nituen eta, hain gazte, musika-estudio profesional batera joan ginen. Flipatzen nengoen. Taldekide guztiak ginen oso gazteak eta estudiora joan ginenean hau zen sentsazioa: “Zuek zer egiten duzue hemen?”. Oso polita izan da, urte gutxitan gauza asko bizi izan ditugulako: Maketa Lehiaketa, bi disko, bi bideoklip, hiru estudio-profesionaletan ibili gara... Azkenean, oso bide polita izan da. Nire aldetik, bizitzaren parte izan da hau guztia eta izaten jarraituko du.
Sorreran oso gazteak zineten, gogo handiarekin seguru, baina horrelako ibilbidea egingo zenutela imajinatzen zenuen?
Hori ez. Iaz taldea lagatzea erabaki arte, inoiz ez nuen pentsatu taldeak bere bidea etengo zuenik. Beti aurrera egiten jarraitu dugu, abestiak egiten, kontzertuak prestatzen, eta abar. Beraz, inoiz ez duzu pentsatzen amaituko denik. Hala ere, beti dakizu hori gertatu daitekeela, hau da, amaitzea.
Nolakoa izan da bidea? Gorabeherak izan dituzue?
Hasieran oso gazteak ginela nabaritzen dugu, orain gauzak beste modu batean hartuko genituela ikusten dugulako. Era berean, hori horrela izatea ona izan zen, gaztea izanda beste gauza batzuk egiten dituzulako, nagusiagoa izanik egiten ez dituzun gauzak. Stai Zitto familia izan da guretzat. Denetik pasatu ahal da. Egun baten ondo zaude batekin, bestearekin ez, baina betidanik ezagutzen dugu elkar, eta momentu onak eta txarrak bizi izan ditugu, toki guztietan gertatzen den bezala. Orokorrean demaseko esperientzia izan da. Beti ibili gara barrezka, ondo pasatzen, eta momentu txarrak, izatekotan, oso gutxi izan dira.
Urte hauetan bizi izan duzun zerbait aukeratzekotan, zein hautatuko zenuke?
Maketa Lehiaketarekin edo justu horren ondoren egin zen Vertigo Rock jaialdiarekin geratuko nintzateke. Baina zaila da momentu batekin bakarrik geratzea. Izan ere, La Pegatina taldearen aurretik jo dugu eta oso kontzertu polita eman genuen, baita Talco taldearen aurretik ere Galdakaon... Esperientzia ezberdinak dira.
Beste talde batzuei buruz berbetan, bihar Orihen izango duzue lagun agur esateko.
Lagunak dira eta eurekin partekatu nahi genuen horrelako momentu berezia.
Nolako ikuskizuna eskainiko duzue bihar?
Ea jotzeko gai garen, denok negarrez hasiko garela uste dudalako. Pentsatzen dut oso kontzertu berezia izango dela. Momentu bereziak izango ditu, sorpresekin, eta inoiz joko dugun luzeena izango dela uste dugu.
Arlo musikalari begira, hamar urte hauetan taldean garapena edo aldaketa egon dela uste duzu?
Azken abestiarekin ikusi da eboluzioa egon dela hasierako abestiekin alderatuz gero. Abestiak egiteko moduak ere aldatu egin ditugula ikusi dugu. Bestetik, taldeko kideek beste toki batzuetan jotzen dugu, bandetan, txarangetan eta abar, eta esperientziarekin beti hobetzen duzu. Ez da harro jartzeagatik, baina taldean oso musikari onak daude eta nabaritzen da. Baina hori hasieran ere horrela zen, bestela ez ginateke heldu garen tokira iritsiko.